Usaian bezala, agertu ziren baratze zokotik, Mercedesa pasaiaren erdian berean aparkaturik, errotak ez zikintzeko belar eta istiletan, eta jin ziren atarirainoko bidexkan gaindi, triki-traka, plater handi bat eskutan. Usaian bezala, ageri zen la bûche prestatu zutela. Frantsesez bûche izan daiteke egur mukur bat, pertsona zozo bat, eroriko bat… orduko kasuan, urte guziz bezala, biskotxa zen; dei genezake enborra baina dei dezagun büxa, giroan murgiltzeko doia. Patizeriak bizpahiru kilo pisatzen zituzkeen, bederen, emazteak ibiltzean zuen balantzaren arabera neurtuz gero.
Denek ditugu büxa egileak inguruan, urte guztiz etortzen dira familia bazkarira, Eguberri bezperan. Familia urrunekoak dira, kusiak hiru edo laugarren graduan edo agian koinataren sortetxeko auzoak, eta beraz, berez, ez lukete hor egoterik. Diot ez luketela horretarako obligaziorik, egin lezaketela zernahi anartean: mendian korritzera joan, jatetxe on bat probatu, erreportaje bat begiratu TV5 Monde katean, herriko ostatuan egon lagunekin ikusiak oro kritikatzen. Baina ez, nahiago izaten dute Eguberriko bazkarira jin, ez baitira urrun bizi eta plazera baita gainerakoon ikustea, diotenez. Alta, urteetako esperientziak salatzen digu arrazoi nagusia besterik izan daitekeela. Dena dela, büxa estakuru, hor dira, tanko tenorez.
Aperitifatik haste, zepoak hedaturik ziren: bi solas inutilen artetik, François Bayrou Frantziako lehen ministro izendatu izanaz, gainerakoek zer zioten galdegin zuten. “Ikusiko” etsitua eman zitzaien arrapostu lausoki, eta haiek, isildu beharrean, hasi espantatzen gizona, bertakoa, kapablea, kuraia franko dukeena. Xanpaina sorta bat zintzurrean behera. “Has-beeen horrekin? Ez da iraultzarik gertatuko hasteko!”, behaztopatu zen baten bat. Dudarik gabe, tentu handiagoz eta finago ibili beharko zen, bazkari-tregua zalapartara amilduko ez bazen...
Mahai inguruan denetarik ziren. Nagusiak, langileak, funtzionarioak, independenteak. Elkarri kalapitarako amua sekulan luzatu gabe ibili ziren, iaioki, heldu zen arte desertaren tenorea
Mahai inguruan denetarik baitziren. Baziren lanik egiteko beharrik ez dutenak, lan duin bat ukaiteko zazpi ahalak egiten dituztenak, langileak atzemateko zailtasunak dituztenak –gaurko egunean jendeak oro alferrak baitira eta SMICatik [Frantziako lanbide arteko gutxieneko soldata] harako handinahiekin–. Baziren etxea pagatua dutenak, etxeko alokairua emendatzen ikusi dutenak behin eta behin, oraino hamabost urteko kredituak dituztenak eta “inbertsioak” egiten ari direnak. Baziren zergarik ordaintzen ez dutenak eta urte guztiz irabazien gaineko zerga saihesteko lanetan aritzen direnak. Baziren urtean lau bidaia egiten dituztenak, sekulan bakar bat ere egin ez dutenak eta urtez urte betiko lekura joaten direnak. Baziren Mercedesa dutenak eta Twingo zahar batean ibiltzen direnak. Zorrez itoak eta sosaz zer egin ez dakitenak. Nagusiak, langileak, funtzionarioak, independenteak. Elkarri kalapitarako amua sekulan luzatu gabe ibili ziren, iaioki, heldu zen arte desertaren tenorea.
Beti bezala, büxa banillazko gurin kremaz hornitua zen, Grand Marnier sorta luze batez busti bixkotxean kiribildurik eta txokolatez troxaturik; hori dena bi dozena sujet tipiz apaindurik.
Ahamen bakoitza zintzurrean barna zihoan, sabelean pausatzeko: bizitzaren lasta, aldaketaren pisu-galia. Horretarako etortzen baitira, büxa eskutan, ikusteko deus ez dela uzkailtzen, egiaztatzeko beste batzuek urte dorpearen hondarrean lerroka ditzaketen arrakasta ñimiñoek ez diotela haien lorpen pertsonal itzelari itzal gehiegi egiten eta segurtatzeko gauzak bide berdintsutik joanen direla, beste urtebetez, bederen.