argia.eus
INPRIMATU
Bizitza erritua
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2025eko urtarrilaren 10

Alosia
Perlata
Autoekoizpena, 2024

----------------------------------------------------

Arrasateko Perlata taldeak lan berria kaleratu du. Hainbat disko ditu bizkarrean, eta azkeneko lana bere jaioterriko punk, Oi! eta rockaren zubi-lana egindako Jesusi Etxeberria maistra errepikaezinaren omenezko dokumentala izan zen, maitasun eta aitortza ariketa. Orain, berriro ere fokua musikan jarrita, hamar kantuz osatutako disko berria erditu dute, eta harekin batera hitzak, hausnarketak eta hainbat tatuatzailek marraztutakoak batzen dituen fanzine-liburuxka askea.

Agerikoa da fase berri batean dagoela laukotea. Aspaldiko partez bateria jotzaile egonkorra lortu dute, talde izaeran erabat barneratu eta erritmo trinkoa gehitu diona. Inoiz baino gehiago jotzeko aukera dauka taldeak, baina neurria hartzen dute argi dutelako noiz, non eta zertarako jo. Ekintza politikoan sinetsita, laukotearen hitzek bidea ematen dute serio eta aske hausnartzeko, elkar zaintzeko eta, azken finean, bizitzeko. Tontakeriak soberan daude bizitzan eta, ondorioz, talde honetan ere bai.

Iruñeko Sound Of Syrens-en grabatu dituzte kantuak, bakoitzari behar zuen tonua emanda, eta bilatu dute harmonia eta musa. Un gramo zuzena da erabat, amorratua eta azkarra, eta bateria zizelkatuta, melodian badu Biznaga-ren arrastoa. Vino y jazmín indartsuagoa da, ahots erregistro desberdin eta ñabarduraz aberastutako punk-rock kantutzarra. Mak da pieza barrukoa, sentikorra, in crescendo doana eta Erriberako usainaz mozorrotzen dena. Kintsugi-k alderatzen ditu rock indartsua, amorrazioa eta tenpo erdiak. Gelditzekotan-en punk-rock jostari eta itsaskorrak harrapatuko zaitu. Mi paz da beste punk-rock trallazo bat, Dead Girls-en tankera hartzen duena. Esencia-k badu Iguana basatienetik, erdi rapeatutik eta Vomito-ren iluntasunetik. Miselio da bestelako erritmo eta tenpo desberdinen entsalada. Si me voy no me voy SLFtik gaur egungo punk-rockera bidea egiten duen pieza itsaskor eta indartsua. Eta, azkenik, Araoa: tribaletik, Eneritz Furyatik eta noisetik edaten duen sorginkeria sarkorra, taldeak beste eremu batzuk sakontzeko ateak zabaltzen dituena.