Ez dakit zuek ere pertzepzio bera ote duzuen –aitor dut: modu azientifikoan hasi naiz idazten hemen–. Pereza hitzaren hedatze naturalaz ari naiz. Gero eta gehiago aditzen baitut Hego Euskal Herriko bazterretan: euskaraz, espainolez eta, jakina, euskañolez. Zilegi bekit galdetzea, ez baitakit nola den bertze inguru batzuetan: perezaren harroaldia antzeman dute Ipar Euskal Herrian ere? Kultura globalizatuan? Sare sozialetan?
Jarrai dezadan –modu azientifikoan– zahartzen ari zaizkidan begi-belarriekin. Izan ere, gero eta ozenago adierazten den pereza –ez nagi, ez nagikeria–, gazteagoen artean sumatu izan dut gehien. Nolanahi ere den, adin batetik goiti korritzen ere badaki boladako terminoak: pereza, kurioski, ez bide da nagia akolito berriak lortzeko ahaleginetan. Agian, ARGIAko irakurle maite hori, zu ere hasia zara pereza garaikidean pausoak ematen…
Baina, nondik etorri da hitza noiznahi erabiltzeko joera? Zer dela eta du alde-aldeko haizea gurean?
2025ean sartzeak pereza ematen duela aditu berri diot bati. Etxepe berean bizi den auzokideari. 16 urte dituen gure semearekin solasean ari zela.