Idatzi nahi nuen gabonetako argien alde, eta urteroko ohitura bilakatu aldarrikatzea, kaleak argitzen dituzten aro honetan, espazio publiko apain, alai eta gozagarri bat, klase ikuspegitik. Baina, noski, espazio publiko epelak ere bai, zenbait gazte liburutegietan liburuak alderantziz irakurtzen dakitela antzezten aritu beharrik gabe berotan egoteko, trasteleku bat ematen ez duen nonbait. Edo, agian, etxe bat-edo balute, bizigarria, apaina edukitzeko, lagunak gonbidatzeko, etxera, edo elkartera. Beharbada esan dezaket festa katolikoak direla eta gauza horiek, oraindik zenbateko zama elizak, eta beste errazkeria batzuk. Baina ez hainbeste, klasean “norentzat” lantzeko gabonetako opariak aprobetxatu dituen irakasle honen bi ikaslek “ezer ez”, eta “inorentzat ez” erantzun behar izan baitute. Baina hori ez da elizaren errua. Hori batzuetan eragiten dituzten bazterketen kontziente ez diren ni bezalako laiko enrollatuen errua da. Oporrak. Atseden beharra. Baita oporretan ere. Nekearena, ordea, gehiegi atera dut aurten. A, ba hori, lana emango diguna opor hauetan, opariak egitea. Ez, opariak egitea ez, kontsumismoa (eta ingurumena, eta zapalkuntzen gaineko errua). Eta haurren kasuan gainera magiaz mozorrotuta. Erabaki dut poza pozez inposatzen duten pertsonaia horiek sortzen didaten psikopatia susmoari buruz idatziko nuela ere. Eta, gainera, hala da. Bi heldu mozorrotu dira, gezurretan. Ez fikzio bat antzezten: hartzaileek ez dakite gezurra denik. Eta haur bat bestearen atzetik artatzen dute herriko plazetan, beren ilusio sinesberaz elikatzen dira, eta haurrek gezur bati entregatzen diote beren ilusio intimoena. Irribarretsu engainatzen dituzte. Masan. Gezurra badirudi ere, baztertu egin dut gaia. Baztertu egin ditut denak. Hurrengo urtera arte. Nik pozik hartuko ditut oporrak (eta nekatuta, esan behar nuen). Ondo hasi, beraz, argiz eta epelez inguratuta (merezi baduzue), eta kontuz jan mahatsak.