Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta finkatzeko.
Bi astetik behin erailketa matxista bat izaten den Suitzan, aurten 21 feminizidio zenbatu ditugun herrialdean, eskuinak “woke erokeria” deritzotenarekin bukatzeko beharra sentitu zuen. Elizan sistematikoki izandako sexu erasoak zeharka aipatzen hasi direnean, Basel eta Züricheko unibertsitateetako ikasleek irakasleek eginiko bortxaketa eta sexu abusuak salatu dituztenean, trans, ez bitar eta queerren aurkako erasoak zein eraso arrazistak ugaritzen ari diren honetan, izartxo batean ikusi du arriskua patriarkatuak. Eskuina, balio horien zaindari, gerra kulturala egiten saiatu da genero disidentziak adierazten dituen izarra (*) kentzearen aldeko ekimenarekin. Horrela, azaroaren 24an zeinu baten inguruan bozkatu zen Zürichen, eta mundu mailako primizia bihurtu zen.
Zeinuak garrantzitsuak dira, mundua horien bidez irakurtzen dugulako. Genero izartxoek ez dute inor erailko, botereak eta pribilegioek bai
Ekimenaren bultzatzaileek, SVP eta beraien babesleek, besteak beste, “bermigrazio” ideologia faxista zabaltzen duen txertoen kontrako elkarteak, zioten beraien intentzioa ez zela politikoa, hizkuntzaren arauak mantentzea baizik. Hizkuntza alemanean genero disidentziak txertatzeak hizkuntzaren arauak hausten zituela, alegia. Itsuen eskubideetan ere pentsatu zuen eskuin elitista eta kapazitistak. Lotsarik gabe, egunerokoan diskriminatzen dituzten taldeak instrumentalizatzen saiatuz, genero izartxoak irakurketa zaildu omen ziezaiekeela argudiatu zuten. Erreferendumean eskuinaren ekimena atzera bota zen gehiengo zabalaz, eta seinale garrantzitsua eman zen.
Genero izartxoaren erabilerak ez ditu genero disidenteak babestuko, hori gizartearen maila guztietan eman beharrekoa baita. Hizkuntza horren parte bada ere, ezingo die eman beharrezko segurtasun fisikoa, psikologikoa eta ekonomikoa, ez eta existentziaren aitortza juridikoa ere. Halere, zeinuak garrantzitsuak dira, mundua horien bidez irakurtzen dugulako, baita erasoei aurre egiten badakigula adierazteko ere. Genero izartxoek ez dute inor erailko, botereak eta pribilegioek bai.
Bozketa honekin, eskuinak mahaitik garbitu nahi izan ditu genero rolei buruzko eztabaida, indarkeria matxistaren errealitatea eta mugimendu feministaren lorpenak. Egungo botere harremanek bere horretan jarrai dezaten, beren pribilegioez gozatzen jarraitzeko, sistema osoak babestuta. Kapitalismoak eta kolonialismoak debaluatutako gorputzak jomuga. Pribilegioak ez dituzte borondatez emango, borrokaren bidez galdu araziko dizkiegu. Elkarrekin izartxoak marraztuz!