Askok, Gabonetan, ilusioa baino alferkeria handiagoa sentitzen dugu familia-otordu eta -topaketetan pentsatzean. Baina aurreratzen dizuegu ez dela otordua bera kolektiboki deseroso sentiarazten gaituena, familia tradizionala definitzen duen normatibitatea baizik. Are gehiago, ausartuko ginateke esatera ondorengoa dela deseroso sentiarazten gaituen formula komuna: Gabonak familian = esleitutako rola betetzea + iruzkin deserosoak onartzea + urte osoan metatzen joan diren gatazkak ezkutatzea + hipokrisia pixka bat.
Izan ere, familia hitza latinezko famulus hitzetik dator, morroi esan nahi duena. Eta noski, etimologia ekartzen badizuegu, data hauetan (eta urtean zehar) familian errepikatzen diren dinamikak aztertzeko lagungarria delako da.
Familia, berez, egituratua dago arau (heteropatriarkal) kolektiboa norberaren beharren gainetik ezartzen duen eta egoera askoren esklabo sentiarazten gaituen instituzio gisa. Hortik, gure lehengusu arrazista eta homofoboarekin afaltzera behartuta sentitzea; urtero gure balioak, nortasuna eta existentzia bera baliogabetzen dituen arren. Hortik ere, ama eta amona askok beren burua zaintzaile eta sukaldari roletan preso sentitzea; atseden hartzeko edo gozatzeko duten eskubidea (beste askoren artean) urratzen diren arren.
Gabonetako familia-topaketetan zergatik ezin diogu aurre egin iruzkin klasistak egiten dituen izebari edo "kanpokoei" buruz hitz egiten duen aitonari?
Areago, Gabonek familiaren performance gisa funtzionatzen dute, eta familia-topaketetan, ezkutuko (eta ez hain ezkutuko) gatazkak mahai gainean jartzeko edozein ahalegin mehatxutzat hartzen da. Baina, zergatik ezin diogu aurre egin iruzkin klasistak egiten dituen izebari edo "kanpokoei" buruz hitz egiten duen aitonari? Agindua argia delako: irribarre egin, murtxikatu eta isildu.
Bai, dinamika horiek oso nekagarriak dira; batzuetan oso bortitzak ere bai. Pertsona disidente asko beren burua kamuflatzera, beren errealitateak alde batera uztera eta beren izanaren kontrako iruzkinak jasatera behartuta sentitzen direlako. Eta justuki, hemen sartzen da jokoan aukeratutako familiaren gaia. Horretan, ohiko familia-arauetatik kanpo sentitzen garen pertsona askok lagunartean eta bestelako lotura afektiboetan aurkitzen dugulako babeslekua. Aukeratutako familiak gogorarazten baitigu ez gaudela behartuta kalte egiten diguten loturak jasatera.
Horregatik, premiazkoa da "familia" instituzio gisa birpentsatzea. Edo, zergatik ez, familia bera ezagutzen dugun bezala abolitzeko bide-orri bat diseinatzen hastea. Bitartean, gutako askok ihesbide propioak diseinatu ditugu, Urtezahar gauean gure hautatutako familien akelarreetara ihes eginez.