Non sense liburua
Edward Lear
Itzultzailea: Juan Kruz Igerabide
Denonartean, 2024
----------------------------------------------
Edward Lear idazle eta ilustratzaileak 1846an argitaratu zuen esku artean dugun obra hau. Igerabidek liburuaren hitzaurrean dioen bezala, “nonsense umorea, umore zentzugabea, oso umore ingelesa dela esan daiteke, zentzu zabalean”. Lear-en obrari buruz John Ruskin idazlearen komentario hau ere aipatzen digu: “Denik eta libururik xaloena eta mesedegarriena omen da”. Horrengatik bakarrik merezi zuen liburuak euskaraz argia ikustea.
Haur literaturako klasiko hau hainbat eta hainbat konturi buruz ari zaigu, gizakion arteko harremanez, hezkuntzaz, beldurraz, aitona-amonen bitxikeriez, eta abar. Lear bizi izan zen bitartean 25 aldiz berrargitaratu zen liburua, eta egun, obra bitxi eta zaharra izanik, gaurkotasuna eta ekarpena egiten duen lana dela uste dugu.
Ia 120 limerick-ek osatzen dute liburua, alegia, “bertso umoretsu, umore zorokoa, umore zentzugabekoa, edo, hobeto esanda, zentzuz kontrakoa”, Igerabideren hitzetan. Bost lerroz osatuak dira eta lehen biak elkarrekin errimatuak; hurrengo biak, laburragoak, elkarrekin ere errimatuak beste errima batekin; eta azkena, hasierakoen tamaina eta errimakoa. Limerick bakoitza, gainera, irudi batekin osatua agertzen zaigu.
Liburua jolasteko obra dugu; poema laburrez eta umoretsuez osatua. Hori bai, umore ingelesa: “Agure zahar batek zeukan tinbala,/ jotzen zuen egun osoan nahi ahala./ Garrasi egin zioten: 'Jainkoarren! / zeinen agure gogaikarria zaren!'./ Eta bera zanpatzeko erabili zuten tinbala”. Edo beste hau: “Bazen bat, ohitura bitxia zuena:/ bada, untxi bat irenstea, den-dena;/ hamazortzi jan halaxe,/ berde jarri zen geroxe./ Ez zuen gehiago jan handik hurrena”.
Idazleak bere bizitzan asko bidaiatu zuen eta hori ere nabaria da protagonisten herrialdeetan, Europa eta Asiako hainbat lekutan kokatuta baitaude hauek; baina Troiakoa izan, Norvegiakoa edo Kamtxatkakoa, umore puntua eta xelebrekeria izango ditu beti ondoan.
Eskertzekoa da, beraz, Igerabidek eta Denonartean argitaletxeak eginiko apustua munduan ezaguna den obra honekin euskal haurrek, eta ez hain haurrek, barretxo batzuk egin ditzaten.