argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Zuentzat
Uxue Apaolaza Larrea 2024ko abenduaren 18a

Araiak esan dit zuei idazteko. Esan dit, utzi baino lehen (aurten egingo dut), nire testu bat eraman nahi dizuela, nik ez dizuedala inoiz eraman, eta merezi duzuela, harro sentituko zaretela nitaz. Ezin da horrelako aukera bat galtzen utzi. Ez dakit jada esan ez dizuedan zer esan ahal dizuedan. Baina hor joan zaizkizue, zeharka, klasean errepasatzeko zehar estiloa, eta erlatibozko bat.

Araiak eta biok ikasle berberak ditugu Hernaniko AEKn. Nireak izan zineten, eta bereak zarete orain. Ez Araiak, ez nik, Hernanialdeko gure euskaltegiko batzuek bezala, ez dakigu oso ondo A1, B1, egiaztagintza, HABE… zer diren. Ez dakigu Arian zer den, ez dakigu etxean bakarka nola ikasi ahal den. Edo oso ondo dakigu, eta nahiago dugu ilehoriarena egin, burokrazia eta euskalgintza hiztegietatik harago bereizteko eguna iritsi arte. Dut-ka ibili zarete hiru urtez. Baina Araiak tresna hori aurten eman dizuen arren, guk hasieratik zaituztegu. Ikasi zaituztegu, entzunez, usainduz… Clara, Mireia, Noe; ikasi zaituztegu, begiratuz, dastatuz… Maria eta Andoni; ikasten zaituztegu elkartuz eta elkartuz… Jessica, Khalil, Kevin, Jacinto, Nora…

Araiak eta biok badakigu jolasten. Araiak eta biok, berak hau idazteko eskatu didanean, ni idazten ari naizen bitartean, badakigu zuei esker garela. Araiak eta biok lasai utziko dugu lan hau larrua jotzearen (ipuin bat idaztearen) antzik ez duen egunean.
Euskaltegira sartu, eta gure begiradak gurutzatu ziren unetik beretik, Araiak eta biok biziki zaituztegu. Eskerrik asko, ekipo.