Loti ederra eta errauskinaren irudia izan du hizpide aurtengo Feministaldian Irene Coulon-en hitzaldiak. Loaren ideia kulturalak zartatu ditu, loaldia ere maskulinizatua dugula argituta. Loaren irakaspen (kultural) asko barneratuak ditugu, eta gorputz feminizatuan edertasunaren ideiarekin bilduak dira horietariko asko, ondo lo egitea beharrezkoa baita aurpegia polita azaltzeko, ikusi zenbat kosmetiko dauden salgai begipeen arrastoak ezkutatzeko, aurpegi txarraren ideiari lotua.
Hizlariak amets feministaren begiradatik egin badu ere, lo espazio pribatuan eta kanpoko begiradatik aldenduta egitea ikasia dela azpimarratu du. Hainbat marrazki historikotan ikusgai dira loaldi kolektiboak, generorik gabeko espazio zabaletan, lo kuluska egiteko prestaturik gune horizontal bigunekin, gorputz bat bestearen ondoan deskantsuan eta errespetuan. Loa banaka eta intimitatean egitea, eta horretarako espazio itxi batera joatea, ez da ohitura naturala. Loa inproduktibitatearekin eta nagikeriarekin ulertzen ditugu, eta jarraian lotsari lotu diogu gorputz eta aurpegi erlaxatua kanpoko begiradari uztea (zenbat barre lotako aurpegien argazki lapurtuekin). Espazio pribatu eta banatuan bakarrik uzten dugu deskontrol eta lasaitasuneko gua. Autobusean bakarrik ikusten dira gorputz lotiak gune publikoan, eserlekuen antolaketak ematen duen babesean. Kalean lotan daudenak eskaleak edo mozkorrak dira, pentsatzen dugu automatikoki.
Aurtengo Oiartzungo Poesia Egunean, Metrokoadroka Sormen Laborategiak irakurketa poetikoen ondoren elkarrekin lo egitera gonbidatzen zuen, performance formatuan. Ekintza arrakastatsua izan dela entzun dut eta errepikatzeko ideia omen dago. Iraultza baita loaldi kolektiboak egitea, eta plazer handia. Bilboko Azkunan, Steve Paxton-en erakusketan zonalde bat egokitu zuten lo kuluskak egiteko, gorputzaren biguntasuna leku publiko batean probatzeko proposamenarekin. Zenbat iraultza biltzen diren loaldi publikoen eskakizunean!