Berriki Pierre Carles dokumental egile engaiatuaren azken lana ikusteko aukera izan dut. Guérilla des FARC, l'avenir a une histoire (FARC gerrilla, etorkizunak historia du) du izena eta Kolonbian mende erdi baino gehiago iraun duen gatazka armatuaren kontakizun berritu bat proposatzen du. Bere lanak hedabide nagusiek garraiatu duten iruditegi bati kontrapisua egitea du xede. “Narkoterrorismoa”, “bahiketa”, “haur esplotazioa” eta beste hamaika sarraski leporatu zaizkio FARC-EP erakundeari. Hark, milaka pertsona armak hartzera eraman duen testuinguru soziala, ekonomikoa eta politikoa aurkezteaz gain, beren idealak baztertu gabe klandestinitatetik bizi publikora jauzia egin duten gerrillarien lekukotasunak biltzen ditu.
Igande euritsu hartan mukuruz betetako zine gelan, ordubeteko solasaldia sortu zen ikusle eta zinegilearen artean. Hainbat gai jorratu ziren. Noski, paralelo pertinenteak egin ziren Palestinako egoerarekin. Baina hitzik ez Euskal Herrian izandako gatazkari buruz. Baiona ingurutik etorritako hainbat belaunalditako jende engaiatu andana bildu ginen egun hartan. Baina askapen mugimendua, borroka armatua eta bake prozesua hizpide genituela, erreferentzia lauso batzuk aparte, Europa mendebaldeko lur zati txiki honetan bizi izandakoari buruz hitzik ez.
Gatazka politikoari, zenbat eta hexagonotik urrunago izan, orduan eta begirada adeitsu eta erromantikoagoarekin begiratuko diote ezkertiar militante askok
Internazionalista gisa, atzerrian gertatzen dena begiratzerakoan saiatzen naiz betaurreko etnozentristak kentzen. Munduko txoko askotan jende soberak injustizia, errepresioa eta zapalkuntza hezur muineraino bizi ditu, lekuz kanpoko konparaketetan ez sartzeko. Baina gai hau espazio honetara ekarri nahi izan dut, Frantziako ezkerraren barruan den tendentzia baten erakusle baitzait.
Haiekin, askapen borrokek eta patatek alderantziko fenomenoa jasaten dute. Patatak (eta elikagaiak oro har) geroz eta hurbilagotik etorri, geroz eta baloratuagoak izango dira. Hobeak, ez. Baina tokikotasun horrek xarma berezia emanen diote. Ba, gatazka politikoarekin alderantziz: zenbat eta hexagonotik urrunago izan, orduan eta begirada adeitsu eta erromantikoagoarekin begiratuko diote ezkertiar militante askok. Eta Euskal Herrian edo Katalunian gertatzen denak benetako arbuioa sortuko die. Gogoan ditut, Bordelen bizi nintzelarik, hango militanteekin izandako amaigabeko elkarrizketak. Biziki erraz zen Chiapas, Txetxenia, Bolibia edo Palestinari buruz hitz egitea, eta ezinezkoa Euskal Herriko borroka mahai gainean pausatzea. Tamalez, alde horretarik gauzak ez dira asko aldatu. Sozialki hain hurbil dugun jendea kulturalki hain urrun ikusteak erranarazten dit badugula oraindik lana ideien bataila irabazteko.