argia.eus
INPRIMATU
Hitzen poetika
Iñigo Martinez Peña 2024ko abenduaren 18a

Ekintzailetza modan dago. Kontzeptuak indarra hartu du eta hiztegi ekonomikotik askoz harago zabaldu da. Just do it: egizu, besterik gabe. Baina ez dezagun ahaztu: propagandaren mundutik dator leloa. Erosle-ekintzaile aktiboak izatea ote da hitzaren mozorroa? Egungo enpresariek ere gustura definitzen dute haien burua ekintzaile gisa. Agian aurreiritzi gutxiagoko terminoa ematen duelako? Badirudi klase sozialetatik kanpo dagoela… Baina Elon Musk eta Mark Zuckerberg saltzen dira, adibidez, egungo munduko ekintzaile ideal gisa. Haien inguruan biografia liluragarri eta ia-ia mitologiko bat sortu da: horra hor pertsona “auto-eraikiak” eta borobilak! “Guk ere, ekin eta ekin, geure burua zerotik sortu dugu, beste edozeinen moduan. Hori bai, beste batzuk baino arrakastatsuagoak izan gara...”.

Kontuak kontu, negozio- eta enpresa-ekimenetatik eguneroko bizitzaren edozein esparrutara zabaldu da “ekintzailetza”. Ekintzaile arrakastatsuak izan behar dugu, oro har; oporretan, sexuan, sukaldean. Baina hitz “neutrala” al da? Izan ere, hitzak diskurtso ideologiko baten gainean eraikita daude eta, jakin badakigu, erabilitako hitzek errealitatea egituratzen dutela… Zer egin, orduan, hitz horrekin? Guk ere horren gaineko “ekintzaile kritikoak” izan behar dugu?

Egungo enpresariek ere gustura definitzen dute haien burua ekintzaile gisa. Agian aurreiritzi gutxiagoko terminoa ematen duelako? Badirudi klase sozialetatik kanpo dagoela…

Batetik, erabiltzeari uko egin diezaiokegu, hitza arbuiatu, ahoskatzeari utzi. Hori ez dago gure eremu semantikoaren barruan, eta kito! Bestetik, egungo diskurtsoetan hain sartuta dagoenez, hainbeste aldiz entzungo dugunez, terminoa bera zalantzan jartzea edota hitzari zentzu berriak bilatzea izan daiteke beste aukera. Eta, bigarren aukera hori hartuta, bitxikeria batez ohartu nintzen aurrekoan: poesia hitzak (grezierazko poiesis) ekintza esan nahi du. Benetako ekintzailetza, orduan, poesia egitea balitz? Ekintzailetza litzateke hitzen poetika bilatzea, hitzen zaporea eta gustua dastatzea, hitzen soinua eta dardara sentitzea, haien esanahia irekitzea eta esanahi berriak iradokitzea. Ez al da hori ekintza ederra?

Agian hitzak, poesiarik gabe, harri bihurtu eta gogortu egiten dira; oskola ateratzen zaie. Joseba Sarrionandiak Hitzen ondoeza hiztegi berezian aipatu bezala: piztu ez bazaizu, hitz hori bota eta saiatu beste bat pizten. Hitz egitea, beraz, zerbait egitea ere bada. J. L. Austin hizkuntzalariak hitzaren gaitasun ekintzaile hori hartu zuen aintzat, aspaldi. Eta, euskaraz, aditzak berak abisatzen digu: hitz egitea zeozer egitea da. Hitz egitea eta elkarri entzutea? Azken finean, arrakasta ekonomiko indibidualetik harago, ekintzaile izateko askotariko moduak egon daitezke. Bada besterik.