argia.eus
INPRIMATU
Borroka aro berria Herrialde Katalanetan
Jesús Rodríguez 2024ko abenduaren 18a

2011. urtean M-15eko mugimendu indartsua lehertu zen, Kataluniako Gobernua ataka estuan jarri zuena. Besteak beste, orduko hartan Polizia Bartzelonako Katalunia plazako kanpaldi suminduari oldartu zitzaion, eta parlamentua setiatu zuten ekintzaileek, Artur Mas presidentearen aurrekontu-murrizketak onartu behar ziren egunean. Handik gutxira, suminduen artean zeuden ezkertiarren zati batek jauzi egin zuen erakundeetara, plazetan lortu ez zena bulegoetan egikaritu nahian. Ez zuten lortu zerua asaltatzerik –Pablo Iglesias dixit–, nahiz eta katakonbetatik esnarazi zituzten lozorroan zeuden botere faktikoak, frankismo soziologikotik oligopolioetako eliteetaraino, euren pribilegioak mehatxatuta ikusi baitzituzten. Hortik aurrera estatuaren estoldek dena korapilatu zuten.

Hurrengo urtean jauzia egin zuen Kataluniako mugimendu independentistak, dena eraldatzeko borondatearekin eta desobedientziarako prest. Jende askok ez zien sinetsi hasieran, aurreiritziengatik, uste baitzuten konbergenteek konbergenteena egiten dakitela soilik, eta balazta sakatuko zutela estatuari aurre egin baino lehen. Baina herri autoantolatuaren faktorea erabakigarria izan zen bai ala bai erreferendumera iristeko eta hura gorputzekin defendatzeko, nahiz eta bide orririk gabe egin, eta “A por ellos” [Haiek txikitzera] leloa martxan jarri zuen fiskaltzaren eta botere judizialaren aurrean erreakzionatzeko gaitasunik gabe.

Iraganeko borroken errautsetatik eta erakundeen izen ona zikintzetik irteten ari dira iristear dagoen zera berri horren lehen txinpartak

Statu quo-aren aurkako bi errebolta horiek lehertu eta hamabost urtera, argi dago erakundeetatik errebolta horiek gidatu zituzten gehienak posizio pragmatikora itzuli direla, norberaren eta alderdien biziraupenera –jazarpena, espetxea eta erbestea pairatu ondoren–. Junts-en azaleratu dira negozioen sektoreko koadroak eta nabarmendu dira Sílvia Orriols-en muturreko eskuin etnizistarekin lehian ari diren tokiko liderrak. ERCn Oriol Junqueras-ek Generalitateko presidentetza hartu nahiko luke egunen batean, eta anbizio horrek atea irekitzen dio barneko aurkariak suntsitzeko bere esku dagoen edozein metodo erabiltzeari. PSC-PSOEren ezkerrera ere heldu da eztanda, Podemos zartatuta kenketa dakarren Sumarrekin. Botere instituzionalaren kuotak banatzeko gerrak boto-emailearen zati bat abstentziora bidali du.

Bien bitartean, urriaren 1ean politizatu ziren gazte belaunaldiek dena eman zuten 2019ko Urquinaona Plazako Batailan eta pandemiak behartutako etenaldian pilak kargatu zituzten, erreferente berriak eta borrokatzeko kausa berriak bilatu eta aurkituta. Sare sozialetako kritika errazaz nekatuta, injustizien aurkako erreboltaren lema hartu nahi dute berriro. Agian ez dute planteatzen iraultza handi bat, baina hainbat elementu nuklear seinalatzen dituzte. Elementu horiekin azaltzen dute zergatik ez dituen zoriontsu egiten bizitzea egokitu zaien munduak. Abiapuntuetako bat da alokairua ez izatea jasotzen dituzten soldata miserableen %60, eta joan den azaroaren 23ko manifestazio jendetsuak hala erakusten du. Uko egiten diote eurak esplotatzen dituzten enpresentzat ordu askoz lan egiteari, gerra eta hondamendi klimatiko gehiagora bidean doan munduaren ziurgabetasun erantsiarekin. Eta bonusa herrialdearen hegoaldetik iritsiko da. Valentziako gizarteak bere burua antolatu du eta oraindik shock egoeran dago, L'Horta Sur eta Ribera Altako uholde tragikoen kudeaketa politiko burugabea dela eta. Beste bultzada bat, boteretsuen aurrean ez uzkurtzeko. Iraganeko borroken errautsetatik eta erakundeen izen ona zikintzetik irteten ari dira iristear dagoen zera berri horren lehen txinpartak.