argia.eus
INPRIMATU
Milvian Aspuac. Bizitzaren sarean
“Maia herrian jakinduria handia dago, ezinbestekoa dugu hori berreskuratzea eta mamitzea”
  • Maia herriarentzat kontzeptu garrantzitsua da Utz K’aslemal delakoa: “osotasunean bizitzea” izan liteke horren itzulpen bat. Kosmobisio horretatik mintzo da Milvian Aspuac ehule eta buruzagia. Urrian Euskal Herrian izan zen, eta bere komunitateko emakumeek egin duten bideaz zein Guatemalako gaur egungo egoeraz hitz egin zigun.

Danele Sarriugarte Mochales 2024ko abenduaren 11
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Milvian Aspuac (Santiago Sacatepéquez, Guatemala, 1982)

Emakume Ehuleen Mugimendu Nazionaleko kidea da eta Sacatepéquezeko Garapenerako Emakumeen Elkartearen (AFEDES) zuzendaria. Emakume eta gazte indigenen eskubideak lantzen dituzte, prestakuntza- eta aholkularitza-prozesuak eskainiz, maia herriaren jakinduriari lotuta betiere.

Maia kaqchikel herrikoa zara, eta identitate hori aldarrikatzea oso garrantzitsua izan da zuretzat.
Maia herriak jazarpen handia jasan du luzaroan; gure nortasuna, gure janzkera, gure hizkuntzak debekatzeko dekretuak ezarri izan ditu indarrean Guatemalako Estatuak, asimilazioren logikan. Haientzat, garapenak hau esan nahi du: “Gu bezalakoa zaren neurrian izango zara garatua”. Beraz, prozesu konplexua izan da, eta emakume indigenontzat batez ere oso garrantzitsua izan da aitortzea protagonistak izan garela geure janzkera eta hizkuntzak mantentzen. Gure amek eta amonek oso zeregin garrantzitsua izan dute eta hori aintzat hartzea ezinbestekoa izan da apurka-apurka gure pentsamenduaren sustraiak aurkitu ahal izateko, eta garenari uko egin gabe gure horizonte politikoa kontuan hartu ahal izateko. Hortik aurrera hainbat prozesu garatu ditugu, memoria historikoan oinarrituta, gure pentsaera eraldatzeko, maia herri gisa dugun nortasuna indartzeko, eta geure burua garai zabalagoko logiketan eta denbora ziklikoagoko logiketan ulertuz.

AFEDESen zuzendaria zara. Sacatepéquezeko emakume maiak biltzen zarete elkarte horretan, garapena bultzatzeko. Zer-nolako bidea egin duzue?
1994an legeztatu zen elkartea eta 2000. urtean jarduera ekonomikoak garatzeko hainbat ahalegin hasi genituen. Bizitza osoan entzun dugu ekonomikoki hazi behar dugula aurrera ateratzeko. Esaten dizute dirua irabaztea dela behar duzuna, esaten dizute hori dela arazoen konponbidea, eta horri tiraka antolatzen hasi ginen, baina aldi berean guri buruz hitz egiten hasi ginen, maia emakumeei buruz; ordura arte egin ez genuen gauza bat. Hala, arazo asko identifikatu genituen, batez ere emakumeak oso triste bizi direla, indarkeria asko jasaten dutela. Gogoak baretasuna behar du, eta ez genuen lortzen. Eta orduan hasi ginen ulertzen pertsonak garela eta eskubideak izan behar ditugula bizirik egote hutsagatik, eta ondo egon behar dugula. Bizi genuen egoera eta bultzatzen genituen proiektu ekonomikoak ez zetozen bat horrekin.

Bestalde, Guatemalan, 2004an, komunitateentzako banku-politika bat ezarri zen. Bankuek bazuten hiriko jendearen dirua, baina landa-eremukoena ez. Guk dagoeneko bagenituen gure banku komunitarioak, aurrezkiekin eta kredituekin. Orduan, bankuak berdina egiten hasi ziren, kreditu asko eskaintzen zizkieten emakumeei. Eta zor-maila handiak sortu ziren. Geure kasuan, emakumeekin mailegu-zorro bat kudeatzen genuen, baina konturatu ginen haien bizitza ez zela benetan aldatzen. Antolakuntzarentzat errentagarria zen, interesak lortzen genituelako eta horiek emakumeentzako proiektu bihurtzen zirelako, baina ez genituen emakumeentzako proiektuak garatu edo elkartearentzat diru-sarrerak lortu nahi kideen esperientzia txarren kontura.

"Gure hausnarketan gizakietara heldu ginenean eta galdetu genuenean zer gertatzen den gizakirik ez badago, ohartu ginen ez dela ezer gertatzen. Suntsitutakoa berreskuratuko litzateke, besterik ez"

Esaterako?
Espero zen hazkunde ekonomikoa ez zen gertatu, eta ekonomikoki hazten ari ziren proiektuek ere huts egin zuten. Gogoan dut emakume batzuek oilasko-haztegiak zituztela, oso errentagarriak, eta laguntza ematen genien egitasmo horretan. Gero, Guatemalako oilasko enpresak konturatu zirenean ekimen hauek hazten ari zirela, geure kideen oso antzeko produktuak merkaturatzen hasi ziren, ekoizpen-kostuaren 25 zentimo azpitik jarriz prezioa. Ondorioz, ekimen txikiek porrot egin zuten. Kontua ez zen komunitateetako emakumeak berandu jaikitzen zirela edo lanik egin ez zutela, edo ez zeukatela gaitasun administratiborik, finantzariorik eta metodologikorik, baizik eta enpresa handiari ondo etorri ezean jan egiten zaituela. Arrain handiek arrain txikiagoak jaten dituzte. Horrela ulertu genuen kapitalismoaren arrazoiketa. Ez genuen teoriarik irakurri; bete-betean gurutzatu gintuen.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Hausnarketa politikoko prozesu bat abiatu zenuten orduan.
Bai, bi urtez aritu gara gogoeta egiten. Proiektu asko geldiarazi genituen, eta geure buruari galdetu genion: “Zer da bizitzeko garrantzitsuena? Pozik gaude egiten ari garenarekin?”. Eta zehaztu genuen munduko krisirik handiena existentziaren krisia dela. Bizitza arriskuan dago. Eta bizitza arriskuan badago, orduan garrantzitsuena bizitza da. Hortik aurrera bizitza jartzen dugu erdigunean. Gero pentsatzen hasi ginen ea zer behar dugun bizitza egon dadin. Bost minutuz airea kentzen badigute, zer gertatzen da? Denok hiltzen gara. Ura ere kentzen badigute? Berdin, %80 ura gara. Horri tiraka, sare bat osatzen hasi ginen, bizitzaren sarea, non eguzkia eta gaua jarri genituen, eta hor ulertu genuen dualtasun eta osagarritasunaren printzipioa. Maien mundu ikuskeraren printzipio bat da, feminismoak askotan zalantzan jarri duena. Baina gu ez gara emakume eta gizonei buruz ari, bizitzaz ari gara. Egunarekin bakarrik ezin gara bizi, hil egingo ginateke, eta gauarekin bakarrik ere ez.

Bizitzaren sare horretan, zein genuke gizakion betekizuna?
Gure hausnarketan gizakietara heldu ginenean eta galdetu genuenean zer gertatzen den gizakirik ez badago, ohartu ginen ez dela ezer gertatzen. Suntsitutakoa berreskuratuko litzateke, besterik ez. Beraz, hausnarketa honek balio izan digu ikuspegi antropozentrikoa kentzeko, zeinaren arabera geure burua bizitzaren eta naturaren gainetik jartzen dugun. Geure burua birkokatzen lagundu zigun: ez gara garrantzitsuena. Pentsatzeko eta arrazoitzeko gaitasuna baldin badugu, ez da pribilegio bat, ardura bat baizik. Erantzukizun handiagoa dugu bizitzaren sarearen zaintzan; animaliek, zuhaitzek, denek zaintzen dute moduren batean, bizitzaren sarearen zaintzan dagokien ardura betetzen dute, baina gizakiak ez.

"Eskura daukaguna egin behar dugu, zeren autodeterminazio askea horrela gauzatzen da, ahalmenen bidez; besteren mende bizi ordez zuk zeuk zeure bidea garatzeko ahalmena da"

Arbasoen jakinduria berreskuratzeko lanketak ere egin dituzue ildo horretatik.
Eta aurkitu dugun gauzetako bat da gure bizitzatik abiatu nahi dugula, kontuan hartuz zer-nolako informazioa dagoen gure hizkuntzetan eta ingurunea ikusteko dugun moduan. Guk ez dugu baliabide naturalei buruz hitz egiten: hala hitz egiten baduzu, natura ondasun gisa ikusten duzu. Geure buruari galdetu genion: zein da gure planteamendua existitzen den guztiari dagokionez? Ingurua familia gisa ikusten dugula konturatu gara, eta ikuspegi guztiz ezberdina da hori. Uste dugu maia herrian jakinduria handia dagoela, eta ezinbestekoa dela jakinduria hori bizi dugun errealitatean eta ditugun baldintzetan oinarrituta berreskuratzea eta zehaztea. Ez dago asko asmatzeko, baina asko dago berreskuratzeko, birbaloratzeko, baita gure egunerokotasunean gauzatzeko ere. Eta horrek berekin dakar dauzkagun pribilegioak onartzea eta geure burua deseroso jarri behar dugula onartzea. Baina jende gehienak ez du halako trabarik nahi; pribilegioak baldin badituzte ez dituzte utzi nahi. Jendearen borondatearen araberakoa da lekuz aldatzea edo dauden horretan geratzea. Orain trebakuntza-prozesuetan lantzen dugu hau dena, uste dugulako ezin ditugula gure ekintzak aldatu gure pentsaera eraldatzen ez badugu. Bestalde, analisia garrantzitsua da, baina ezin gara horretan finko gelditu, paralisira garamatza eta. Pausoz pauso egin behar dugu bidea, gogoan daukagun ametsa eraiki ahal izateko.

Amets hori eraikitzeko bidean, hain zuzen, hiru autonomia-mota zehazten dituzue emakumeentzat: fisikoa, ekonomikoa eta politikoa.
Guk, herri indigena gisa dugun nortasunaren esparruan, badakigu herrien autodeterminazio eskubidea dela eskubide garrantzitsuenetako bat. Baina hori gauzatu ahal izateko, herri horren parte diren subjektuok ere berdinak izan behar dugu eskubideei dagokienean. Desberdinkeria dagoen neurrian ez dugu autodeterminazio eskubiderik baliatuko, ezta? Baieztapen-ekintza gisa, emakumeekin lan egiten dugu, haiek pairatzen baitituzte desabantailarik handienak, patriarkatuaren pean ere bizi garelako, indarkeria arrazistaren eta kapitalismoaren pean bizi garen heinean. Autodeterminazio-eskubidearen harira, gure prozesuaren azken helburua da emakumeen autonomian laguntzea. Autonomia fisikoaren kasuan, pentsamenduaren eraldaketa ere badakar horrek: geure buruaz eta geure existentziaren garrantziaz jabetzea, geure erabakiak hartzeko gai izatea, eta besteek gure ordez erabaki dezaten ez uztea. Pentsamendua deskolonizatu eta biolentzia desnaturalizatu behar dugu.

Eta ekonomiari dagokionez?
Diru-sarrerak lortzeko egitasmoak dauzkagu, ehunen eta bestelako artikuluen salmentarekin. Bestalde, geure komunitateetan oraindik ere jana ekoizten dugu zorionez, eta hori gure elikadura-burujabetzaren parte da. Ezin dugu esan enplegua denik emakumeen autonomia ekonomikorako giltza. Zeren, zenbat enplegu-aukera daude? Guk betetzen al ditugu enplegua izateko baldintza guztiak? Gure komunitateko emakume batzuek ez dakite idazten eta irakurtzen, eta elebakarrak dira; ez dakite gaztelaniaz. Beraz, enpleguan ez dago guztiontzako aukerarik. Eskura daukaguna egin behar dugu, zeren autodeterminazio askea horrela gauzatzen da, ahalmenen bidez; besteren mende bizi ordez zuk zeuk zeure bidea garatzeko ahalmena da. Marko horretan ikusten dugu emakumeen autonomia ekonomikoa. Ekoizpen-gaitasunak berreskuratu behar ditugu eta, oso garrantzitsua orobat, autokontsumoa bultzatu.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Guatemalako egoera politikoaz galdetu nahi nizuke. Iazko hauteskundeetan Semilla alderdia gailendu zen, alderdi ezkertiarra, Bernardo Arévalo presidentea buru.
Santiago Sacatepéquezeko Agintari Indigenen Kontseiluko kidea naiz, beste agintari indigena batzuekin artikulatuta gaude eta iaz 106 eguneko altxamendu bat egin genuen hauteskundeen ostean: oso garrantzitsua izan zen kalean egotea presidenteak behar bezala kargua har zezan. Hasieran bizpahiru egunez geratzea pentsatzen genuen, eta azkenerako 103 egun joan ziren. Hauteskundeak egin eta hara non Semilla alderdiak irabazi zuen: klase politiko tradizionalak ez zuen halakorik espero, esango nuke jende askok ez zuela espero, Semilla alderdiak barne. Baina gertatu zen, eta eliteek bota egin nahi zuten, ez armekin baizik eta legeekin eta baliabide juridikoekin.

Kargua hartu ostean, nola ikusten duzu egoera?
Leiho bat izan da herritarrentzat. Nazkatuta gaude, ustelkeria eta zigorgabetasuna nabarmenak izan dira, eta orain itxaropena daukagu gobernuak aldaketak abiatuko dituela. Aldi berean, badakigu barne-borroka oso zaila dela; ez diete gobernatzen uzten. Eta jende askori kosta egiten zaio ulertzea estatuan hiru botere daudela, eta presidente berria izanda ere dena ez dela bat-batean eraldatuko. Hau da, presidentea aldatuta ere ez dugu epaile objektiboagorik izango berehala, justizia beste botere bat delako. Uste dut agintari indigenak eta gizarte-mugimenduaren zati bat jakitun garela gobernu honi lagundu egin behar zaiola eta hainbat frontetan egon behar dugula: departamentu mailako gobernuak, garapen-kontseiluen sistema, non biztanleria zibil antolatuak parte har dezakeen nork bere sektoreetan. Espazio horiek bete behar ditugu, indarra egin ahal izateko.

"Oso garrantzitsua izan zen kalean egotea presidenteak behar bezala kargua har zezan. Hasieran bizpahiru egunez geratzea pentsatzen genuen, eta azkenerako 103 egun joan ziren"

Gobernu berrian, emakume ehuleen mugimenduko kide bat, zuen kide Angelina Aspuac, Sacatepéquez departamentuko gobernari izendatu dute.
Guk geuk proposatu genuen posturako; Ehuleen Mugimendu Nazionalaren koordinatzailea zen lehen. Gaur egun babesa eskaintzen diogu: ez dakigu administrazio publikoaz eta ez dakigu zertan lagun dezakegun, baina gutxienez ideiak trukatzeko edo katarsia egin dezan, hor gauzka. Babes hori inportantea da, zeren enpresaburuek beren interesak dituzte, krimen antolatua ere hor dago, narkoa. Errealitatea hori da, eta tentsioak daude. Bakarrik baldin badago, errazagoa da bota dezaten; komunitatearen babesa baldin badauka, ez hainbeste. Beraz, gure departamentuan bertan halako indar korrelazio egoera batean gaude, eta beste esparru batzuetan berdina egin nahi dugu.

Adibidez, orain gutxi Justiziako Auzitegi Goreneko magistratu berrien postulazioa eta aukeraketa aztertzen aritu gara, oraingo magistratuek dagoeneko bi aldi daramatzatelako, eta hori konstituzioaren aurkakoa da. Auzitegiek objektibotasuna galdu dute, eta zuzenbidearen eta justiziaren ezarpenak ere bai. Orduan oso garrantzitsua da guretzat auzitegia berreskuratzea: auzitegi duinak nahi ditugu. Egunotan Apelazio Auzitegia aukeratzen gabiltza, eta ikusiko dugu ea auzitegien barrenak sendatzen diren. Agintari indigenak eta ehuleen mugimendua hori behatzen eta prozesuan presente egoten saiatzen ari gara.

Besterik esan nahi zenuke?
Esan nahi nukeena da emakume indigenok kontzientzia dugula eta badakigula zer nahi dugun. Ez dugu behar jendeak gu zalantzan jartzerik edo baztertzerik; behar dugu jendeak enpatia handiagoa izan dezan eta uler dezan geure prozesu propioak ditugula. Egiten dugunaz gurekin hitz egitera gonbidatzen dugu jendea. Gauza askotan bat egin dezakegu, eta guretzat oso garrantzitsua da libre bizi nahi dugula, garen hori izanda. Desberdinak izateak ez du esan nahi ez dugunik balio; balio dugu, edozein gizakik bezala. Garrantzitsua da begiradak eta ahaleginak elkartu ahal izatea, hilzorian dagoen planeta batean bizi garelako, eta planeta hau guztiok partekatzen dugulako. Beharrezkoa da deseroso sentitzea eta lekuz mugitzea aldaketak egiten hasteko.