argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Zatitzaileak
Uxue Apaolaza Larrea 2024ko abenduaren 11

Bileretan denetarik elkartzen gara, eta bilerek berek nolakotzen gaituzte unean, bakoitzak bere rola izaten baitu, bere boteretxoa (edo haren falta), adina, bizitzako momentua. Baina beti-beti daude isiltzen direnak. Letek kantatzen zigun handitzean ikasiko genuela isilik egoteak zenbat balio duen. Ez zekien ondo. Isilik dagoenak, baina, gauza asko esan ditzake, eta batzuetan autobabesa da, beste batena… eta askotan, koldarkeria geurekoia. Ondo. Arazoa hasten da koldarkeria zintzotasunarekin nahasten denean, eta, ez dakit, Leteren emakumeei zuzendutako sehaska kanta horretan ere hala den, isiltasuna goraipatzen hasten denean arazorik ematen ez duen bazterrekoa eredutzeko. Isilik guapago zaude hori. Eredutzeko, zatitzen ez duen bazterrekoa.

Leku bakoitzean modu batera esaten zaio deserosotasunari. Espainian “polarizatu” hitzaren zaleak dira orain: ezkerreko norbaitek zapalkuntzari zapalkuntza, eta zapaltzaileari zapaltzaile esaten dionean gertatzen da. Zatitu, Espainia, mutur askotatik  zatitzen da, edo lurrazpitik, gorpuak atera nahi badira. Feminismoa da zatitzaile trebatua leku guztietan, gizartea den bilera zabal honetan, emakumeak etxean isilik geratzen ez garenetik. Zatitzen ditu soziedadeak, herriko festak, familiak, langile-klasea, bertsolaritza eta, laster, Euskal Herria. Migranteek iristearekin zatitzen dute, zer desberdin desatseginak, batez ere, bando arriskutsuenera pasatzen badira. Pobreenera. Argentinako kazetari ezkertiar bat ikusi nuen  kezkatuta, herrialdean aplikatzen ari diren politikek eragiten dituzten pobreziak eta heriotzek gizartea zatituko ote duten. Gu ere batzuetan erosoago isiltzen badira.

Izan ere, badira isilean hiltzen diren pobreak, isilean hiltzen diren bazterrak. Zer jatorrak.