argia.eus
INPRIMATU
Ez kontzeptuak
Irati Labaien Egiguren @iratilabaien 2024ko abenduaren 11

Hizkuntza matematikoa ondo ulertu eta interpretatzeak badu garrantzia ikasketa prozesuan; horixe esan ohi diegu guk geure ikasleei, bederen. Matematiken lengoaia unibertsala da, eta oro har, interpretaziorako errore marjina txikia izan ohi da. Nekez marraztuko genuke hiruki bat karratuaren kontzeptuaren definizioa irakurri ostean, esaterako. Eta inor gutxi geratu da txundidurarik gabe edozein zirkunferentziaren diametroak perimetroarekiko duen erlazioa ulertuta: pi zenbakia. Misteriotsua bezain magikoa dena.

Jakintza zientifikoa deitzen diogun eremu zabal horren barruan, ordea, badaude jendartearengan askotariko interpretazioak sortzen dituzten kontzeptuak ere. Ekonomiaren alorrean, esaterako, garapena izan daiteke adibide egoki bat. Aurreko mendearen erdi aldera, lurralde baten garapena Barne Produktu Gordinarekin lotu ohi izan zen. Denbora aurrera joan ahala, eta gailentzen ari zen sistema ekonomikoak eragindako askotariko ondorio ekologiko eta sozialei erreparatuta, garapen kontzeptua bestelako gaiekin lotu zen, besteak beste: bizi-itxaropena, eskolaratzea, Amartya Sen Nobel saridunak planteatutako gaitasunen teoria, edota jasangarritasuna. Azken kontzeptu horrek, aldi berean, zer esana eman du azken urteotan. Nazio Batuen Erakundeak ere, munduko herrialdeen garapena sustatzeko 2030. urterako bide-orriaren titulutzat proposatu zuen, hamazazpi helbururekin eta 169 xederekin batera. Helburu eta xede horien zenbatekoak jasangarritasunaren kontzeptua lurreratzeko zailtasuna islatzen du, inondik ere. Hemendik bost urtetara, helburu horien lorpenetan suspentso ateratzen dugunean, zein hitz erabiliko dugu garapen kontzeptu horren abizen modura? Bolo-bolo dabilena: regenerative development (garapen birsortzailea? Hobe itzultzaileei uzten badiet).

Zertaz ari gara klima aldaketaz ari garenean? Sentipena dut erroetan baino, adarretan dugula begirada; gaitzaren iturburuak baino, sintomak leuntzen ari garela

Errealitatean gertatzen dena azaltzeko erabiltzen ditugun hitzetan arreta jarrita, Naredo ekonomialariak “ez kontzeptuak” aipatzen ditu La crítica agotada [Kritika akitua] liburuan. Autore horren arabera, krisi ekosozialak deskribatzeko diskurtso eta erretorika politikoak sortuz joan gara; hainbatetan, erroan dauden gakoak seinalatu gabe. Hamaika goi-bileratan hitzartu diren irtenbideak –ia beti azaleko petatxu– ez dira sinesgarriak izan; ezta bideragarriak ere.

Gai hori azaltzeko, zinez argigarria iruditzen zait azaro erdian Azerbaijanen egindako COP29 biltzarretik ateratako titularra: aldaketa klimatikoaren problematika saihesteko, aberatsak deritzen lurraldeetatik Hegoaldeko deritzen lurraldeetara 300 mila milioi dolarreko ekarpena egitea hitzartu dute, azken horiek baitira ondorio lazgarrienen plaza. Askok zalaparta eta haserrea adierazi ditu, diru-kantitate hori eskupekoa dela adierazita.

Berotegi-efektua beharrezkoa dugu Lurrean bizitzeko, zalantzarik gabe. Baina zientziak modu pedagogiko eta argian adierazi digu, behin eta berriro, gizakion jardunbideek gehiegizko CO2 isuriak sortzen dituztela, eta efektu hori esponentzialki bizkortu. Denok dakigu eragin hori diruz konpentsatzea ezinezkoa dela, isuriak ez dira desagertuko. Debatea urrun sentitzen dugun arren, gutaz ere ari da. Diskurtsoetan hainbatetan ari gara aldaketa klimatikoaren kontrako borrokaz, mundua jasangarriagoa egin beharraz, ingurumenaren zaintzaz… Baina zertaz ari gara? Sentipena dut erroetan baino, adarretan dugula begirada; gaitzaren iturburuak baino, sintomak leuntzen ari garela. Ekonomia sozial eta ekologikoa eraiki nahi badugu, barneratua dugun ikuspegi ekonomikoa gainditu beharko dugu. Arazoen sustraiak definitzera behartuko gintuzke, ziurrenik ere gureak hankaz gora jarrita.