Nick Linbött
Nick Linbött
Kaset ekoizpenak, 2024
------------------------------------------------
Komiki jantzi vintage-arekin, rock-and-rollaren hastapenaren eta Gerra Hotzaren bizipenak bete-betean bizi izan zituzten belaunaldiko pertsonaia batzuen akorduan, eta gure gaur egungo gizarteari kritika zorrotza eginda –metafora ugari baliatuta–, plazaratu dira ia ezerezetik Nick Linbott talde berria eta bere estreinako lan luzea.
Are gehiago, nolabaiteko arkeologia lana eginez eta haizezko instrumentuei zein beraien buruei askatasun osoa emanez apurtu eta ospatu dute –uste eta aurreiritzien arabera– haien ibilbidean aurretik landutako musika estiloen preferentzia. Apurtu edo, hobe esanda, eraldatu. Haien talde aurrekarietan landu izan dituzte punka, punk oi!-a, surf musika, psychobillya… eta orain ere horien zantzuak egon badaude, baina beste iragazki batzuetatik igarota… eta bi saxorekin!
Atzera jo dute, iraganera, rocka izango zenaren hastapenetara; eta esango nuke ahalegin sutsua egin dutela musikaren ondo pasatzeko dohaina berreskuratu eta erribindikatzeko –kritika ariketa eta pentsarazteko bultzada gehitzeaz gain–. Baita lortu ere!
Diskoa Ez da ezer gertatu kantu potenteak irekitzen du, saxoak indartsu, eta entzuleok kolpez iratzartzeaz gain, rock-and-roll gordinena ere lurpetik ateratzea lortzen du. Atzerako ispilua-k ska ta punk-rockaren arteko nahasketa azkar, itsaskor eta parranderoa oparitzen digu, Kortaturen hastapenak gogora ekartzen dizkiguna. Jarraian Izarrak eta hezurrak da Jamaikako eskola, Jerry Lee Lewis eta folk-punkaren erritmo biziko afari-merienda. A aldeari bukaera emateko, Bandera tristeak The Clash taldeari eta haiek ere miresten zuten rock steady-ari omenalditxoa dirudi.
B aldea ere indartsu hasten da, twist tenpo, rock-and-roll puru eta Clash, beti Clash-en arrastoa daukan Jani-rekin. Joxe Rotabator, aldiz, iluna, psychobillya, azkarra eta pisutsua da. Kantutzarra! Andy eta Jackieren mutazio konplexua Oi! memorabilia ere baduen punk-rock melodiko bizia. Eta bukaera ematen dio lanari psychobillyaz blaitutako Zorri festa punk-rockeroak.