argia.eus
INPRIMATU
Teknologia
Mundu digital bortitza
Diana Franco Eguren 2024ko abenduaren 04a

Bilbon bazterkeria arriskuan dauden kolektiboekin lanean aritu nintzen bost urtez, arrakala digitalaren inguruan, batez ere emakumeekin. Bidean, bortizkeria matxistekin eta beste arazo askorekin aurkitu nintzen. Oso modu organikoan, indarkeria matxista pairatzen zuten emakumeekin lanean zebiltzan eragileekin harremanak izaten eta haien lana ulertzen hasi nintzen. Eragileen arduretariko bat zen erasotzaileek biktimen bizitzetan eragiten zuten kontrola, mundu digitalera eta gailuetara zabaltzen zena. Horregatik, helburuetako bat zen emakumeak teknologikoki boteretzea. Baina hainbeste dira emakume hauen beharrak, mehatxu egoera iraunkor batean bizita, hezitzaileak haien idazkari bilakatzen zituztela, osasun kontuetan, seme-alaben kontuetan, kontu legaletan...

Bortizkeria matxista gure gizarteetako maila ezberdinetan pairatzen da eta kasuistika ugari ditu. Bazterkeria arriskuan dauden emakumeena gehien ikusten dena bada ere, ikertzaileak laborategian, politikariak sare sozialetan, ikasleak unibertsitatean... jasaten dituenak ere asko dira. Agian, azken horiei arnasa eman liezaieke eremu digitalean autodefentsa digitalaren inguruko informazioa aurkitzea, ulertzeko ez daudela bakarrik, gertatu zaienaren inguruan beste batzuekin hausnartzeko, norbere izaera eta egoera emozionalera egokituriko neurriak hartzeko. Baina emakume asko  ez dira eduki horietara helduko, ez dute izango beren kabuz irtenbideak eraikitzeko baliabiderik. Hain da handia jasotzen duten zapalkuntza, euren inguru digitalak eskaintzen diena oso txikia dela. Eremu digitalean autodefentsa eta borroka digitalaren inguruan egiten den lana ez da eurengana helduko. Ezagutza euren munduetara hurbildu behar dugu. Irudimena gehiago piztu beharko dugu, hainbeste emakume zapaltzen dituen mundu digital bortitzean eragiteko.