Londrestik iritsi da ospe handiko arkitekto bat Galiziako herri txiki batera. David Chipperfield du izena, eraikinak mundu osotik zehar ditu, Berlin, Milan eta Shangaigo bulegoetatik lanean. Arkitektura elegantea, fina, Sir batek egindakoa. Istorioa Corrubedo herrixkan hasten da. Ribieran bere familiarentzat udarako etxe bat berriztatu eta lurraldeaz maitemindu da. Ondoren, herriko beste eraikin batzuk zaharberritu eta taberna bat ireki du bere semeak gidatua. Fundazio bat, laborategi bat martxan jarri eta Santiago de Compostelan kokaturiko Casa Ria bulegoan arkitekto, politikari, enpresari, bizilagun aktibistak bildu nahi ditu. Publiko eta pribatua elkarrekin lanean jarri. Galiziar plangintzatren panorama astintzen ari da dagoeneko, landako baliabideak balioan jarri eta berreskuratzeko plangintza abian jarri nahi duelako, komunitatearekin lanean. Azken albistea da, baina, Inditex-eko Marta Ortegarekin proiektu komun batean ari dela. BBC-k ere interesa agertu du arkitekto ospetsua Galizian mugitzen ari den proiektu eta ikuspegia zabaltzeko. Kuriositatea pizten du, googleatu bestela.
Apeta, kapritxoa, liluramena. Modakoa, oportunista, negozioa, elitismoaren mozorroa. Zer ari ote da gertatzen, lekukoari benetan zintzoki laguntzen ari zaion proiektua ala bertakoa eta landa erantsi nahi duen beste proiektu kolonialista bat. Zaila distantziatik jakitea. Kanpotarra, arkitektoa eta dirudun batek sustatzea susmagarri egiten du. Aurreiritziak gaindituz, aberatsen diru mugimendua lurrean gelditzea aukera bat da ordea. Egia dena da, proiektuak arkitektoaren egitekoa eraikin bat egiteaz haratago jartzen duela. Eraikin baten eraikuntza erabaki eta balore sistema zabal batean kokatzen da, eta arkitektoaren helburu nagusia eraikinean finkatu beharrean, sistemaren arkitekturan ardaztea aldaketa esanguratsua da, politikoa bilakatzen duelako. Lurraldeko komunitatea, bertako ekonomia eta baliabideak sustatzea arkitekturak sekula galdu behar ez zuen lan ildoa da...