Gogoratzen al duzue? Legebiltzarreko %90ak onartu zuen Hezkuntza Akordioa duela bi mende –barkatu, bi urte–. Ezkerraren biltzarkideen erreakzioa euforiaren eta neurriko gogobetetasunaren artean mugitu zen. Onarturiko dokumentuaren arabera, zentro pribatuek diru publikoa jasotzen jarraituko zuten, beti ere legeak ezartzen dituen printzipio eta helburuak betetzen baldin bazituzten, hark eskatutako “konpromiso eta betebeharrak bere gain hartuz”. Zati hori urratu aurretik, Hezkuntza Sailak dokumentuan jasotakoari muzin egin eta hitzarmena itxi zuen Google multinazionalarekin. Legebiltzarreko akordio “historikoaren” ostean legea atera zuten oposizioaren babesik gabe. Zirriborroetatik, akordiora; akordiotik, legera; legetik, errealitatera. Egileek ederki despistatu zuten ezkerra eta zorioneko Akordio historikoak oihartzuna dauka oraindik bi mende geroago. Badakite propaganda maneiatzen. Hezkuntza publikoa oso kolpatuta atera zen trantzetik. Baina, badakizue, gaurko saila ez da garai hartakoa (orduko sailburuordea sailburua da gaur, besterik ez).
Oraingo lehendakariak euskal erakundeetan burokrazia murrizteko plan bat eskatu du. Burbuila burokratikoa puztu ostean, plan bat eskatzen dute eurek gizendutakoa arintzeko (barkatu, beste batzuk dira). Noski, baten batek inplementatu beharko du plana, eta baten bati kontraturik, konbeniorik edo dena delakorik egin beharko zaio. Eusko Jaurlaritzak eta Microsoftek lankidetza-hitzarmena sinatu dute aurten, zibersegurtasunari eta hezkuntza digitalari buruz (ikusi bideoa, multinazionalaren ordezkaria adurra dariola dago). Zenbat urte daramatzagu gailu digitalak ikasgeletan sartzen amen-omenka, irizpiderik gabe? Ikasle eta langileon zenbat datu jarri dituzte informatikako erraldoien esku? Zenbat diru publiko eman diete Eusko Jaurlaritza desberdinek? Zenbat beharko da orain zatarkeria konpontzeko? (adi, erraldoi berberei pagako diete berriro!).
Zenbat denbora hartuko du Eusko Jaurlaritza 'berriak' milioiko-hitzarmena ixteko korporazio batekin, irakasleok behar bezala lan egiteko tresna informatikoak izateko?
Eusko Jaurlaritza desberdinak hezkuntza berrikuntzaren abangoardian egoteaz harrotzen dira, digitalizazioaren arloan ere bai. Bada, erabiltzen dugun teknologia digitala VII. mendekoa da eta programak zintzilikatu egiten dira txitean-pitean. Ikasleen notak txertatu beharreko aplikazioak, itsusia eta deserosoa izateaz gain, ez du lana errazten, aitzitik, izugarri zailtzen du. Benetan gure lana den hori amaitu ondoren (azaldu, zalantzak argitu, ebaluatu, kalifikatu) egonarriz hartu eta orduak dedikatu behar Jaurlaritzaren aplikazio ikaragarrian berriro sartzeko jada beste nonbait sartu ditugun kalifikazioak, sailak ez duelako datuen iraulketa egiteko tresna informatikorik (VII. mendeko teknologia, badiotsuet, lankide batzuek ordenagailuak piztean kantu gregoriano urrun bat entzuten dutela diote). Zer dela eta emango ziguten aukera gure lanari berriro ekiteko eta hurrengo ebaluazioko kontuekin hasteko? Hobe buru-makur jarraitzea, jainkosei erreguka programa ez dadin zintzilik geratu, kontu handiz ez okertzeko (erraza dena, 21:00etan egun nekagarri baten ondoren eta programa kaskar eta zaharkituarekin). Baina, diot nik, aplikazio horiek norbaitek diseinatu eta ezarriko zituen, eta ez zuen musu-truk egingo, aurreko Eusko Jaurlaritza batek ordainduko zion. Zenbat denbora hartuko du Jaurlaritza berriak milioietako hitzarmena ixteko korporazio batekin, irakasleok behar bezala lan egiteko tresna informatikoak izateko? Eta eskertuko ez diegu ba, egiten badute! Kate motzean lotu gaituzte. Propaganda maneiatzen ez ezik auzolana egiten ere badakite (ala gauza bera da? Hainbeste bira eginda, nahasturik nabil)...