Barruan dudan zera honi idatzi nahiko nioke. Pandemiatik ia bost urte beteko dira, eta garai hartan gazteak ginenak hasi gara, gazte izaten jarraitzen badugu ere, bestelako espazio batzuetan orbitatzen. Etxebizitza, bizi proiektua, amatasuna, lana, osasuna... elkarrizketetako gai ordenak bestelakoak dira orain. Bost urte atzera eginez gero, nork bere bidea hartu du (“ez beste inorena”, dio Katamalok).
Miresgarria iruditzen zait norbere zilborra baino handiagoa den zerbaitek, kolektiboa den zerbaitek, bizitza gidatzen duenean
Ingurura begiratu eta noizbait pentsatu izan dut, nik ere beharko nukeela suhartasuna esnatzeko moduko zaletasun propio bat, nire-nirea eta ez beste inorena. Zerbaitetan ona izan, kanalizatu nire kezkak krosfitean edo beste edozein kiroletan, musikan, edo akaso, lan munduan eskalatu eta urtez urte soldata handiagoa izateko aspirazioak gida nazala hautatu. Arrakasta pertsonala bizi proiektu bezala. Errazagoa litzateke dena horrela, seguru. Pasio propio bat, ez beste inorena. Barruko zera hori haratago doa, ordea. Altxor bat da; munduko diskurtso distopikoek, indibidualismoaren hegemoniak edo etorkizun ezaren oratoriak lapurtu ezin didatena. Nire altxorra da, baina batez ere, beste askorena da, kolektiboa da. Militantzia politikoak eskaini didan zera honek mundua ulertu eta berri baten alde bidea egiteko heldulekuak eskaini dizkit. Ez dira mundua edo Euskal Herria irakurtzeko betaurrekoak, betaurrekoak jantzi eta erantzi egiten dira eta. Orain, zera hori nire begiak eta begirada dira, orain ez dago ikusgairik ikuskera honetatik kanpo, eta eskerrak. Miresgarria iruditzen zait norbere zilborra baino handiagoa den zerbaitek, kolektiboa den zerbaitek, bizitza gidatzen duenean. Ariketa eta apustu iraultzailea iruditzen zait areriotasun, lehiakortasun eta neoliberalismoaren muturreko adierazpenen lekuko garenetan, norbere burua besteen burua salbatuz salbatzen dela ulertzea. Pena ematen dit besteengan antzeko zerbait aurkitzen ez dudanean, hain da handia altxor hau... Frikitzat izango naute askok, zerbaitetan sinistea, amestea eta proiektu politiko eta kolektibo bati engaiatzea ez baitago modan, ez du hype-ik sortzen. Baina, ez gara ari korrontearen kontra igerian korrontearen kontra igeri egite hutsagatik, korrontea gure alde jartzeko baizik.
Eskerrak militantzia politikoari, eskerrak nire zilborrera begiratzean herri bat ikustera eraman nauen eskola kolektiboari, eskerrak nirea den eta aldi berean beste askorekin batera konpartitzen dudan etxeari. "Guk erabakia hartu dugu. Orain ekidin ezin dezakezuen zerbait gara", dio Mikel Sotok. Eta hor ikusten naiz, ez beste inon.