Bihotzean ditudan oroitzapenik politenetakoak dira. Euskal Filologia egiten ari nintzen garai hartan, eta Arbizuko elkarte batera joan ginen Ruper Ordorikaren kontzertu batera. Han zeuden Rikardo Arregi Diaz de Heredia eta Juanjo Olasagarre. Ez nintzen Arregiri esatera ausartu motxilan neukala Hari hauskorrak liburua, ikaskide batek Altsasun bertan erosi eta oparitutakoa. Liburu ona zela esan zidan eman zidanean. Liburu onak dira Arregirenak, denak. Izugarrizko kultur mugimendua zegoen Arbizun urte haietan. Ez naiz akordatzen lehenago edo geroago izan zen, baina Bernardo Atxagak hitzaldia eman zuen herriaren etxean. Euskadi saria jaso zuen egun hartan eta zuzenean iritsi zen. Gartziarenara testuak bidaltzeko aholkatu zidan. Uste dut idatzi nituela, eta bidali ere bai, baina ez ziren argitaratu. Hala ere, idazten jarraitu nuen. Lerroak idazten ari naiz Miren Agur Meaberen eta Yolanda Castañoren arteko solasaldiaren biharamunean. Meabek pertseberantziaz hitz egiten zuen, irauteaz, jarraitzeaz. Hori dela bidea azpimarratu zuen. Eta nago ez dela bakarrik literaturarako aholku ona. Bizitzarako ere ona dela. Beharbada horregatik gordetzen ditut Gartziarenaren ale zaharrak. Izan zirelako pizgarri bat niretako.