argia.eus
INPRIMATU
Lucy: izar mediatikoak 50 urte
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2024ko azaroaren 20a
Lucy-ren errekreazioa. Argazkia: IHO
Lucy-ren errekreazioa. Argazkia: IHO

Etiopia, 1974ko azaroaren 24a. Lucy-ren hezurdura aurkitu zuten Hadarren, giza arbasoen arrasto zaharrenetakoa. Australopithecus afarensis espezieko hominidoak 3,2 eta 3,5 milioi urteren artean ditu.

Homo espezieen arbasotzat jo zuten orduan, gu guztion amatzat. Mende erdi honetan Australopithecus afarensis espezieko 400 arrastotik gora aurkitu dituzte. Horiei eta Lucyri egindako azterketei esker, orain askoz gehiago dakigu espeziearen ezaugarriei buruz. Baina oraindik galdera asko daude erantzun gabe, Lucy hominidoa ote zen zalantzan jartzen dutenak: espezie hura tresnak egin eta erabiltzeko gai zen?

Eta 50 urteotan lehia ere iritsi zaio Lucyri. Beste espezie zaharrago batzuk aurkitu dituzte: Ardipithecus ramidus, Ardipithecus kadabba, Orrorin tugenensis eta Sahelanthropus tchadensis. Lucy 3 milioi urtetako muga gainditzen lehena izan zen; espezie horiekin, ordea, 6-7 milioi urteko mugara iritsiko ginateke. Jakina, askoz zailagoa da espezie horiek hominidoak ziren baieztatzea.

Eta Lucyren konpetentzia handiena beste espezie garaikide batzuk dira. “Garai beretsuan beste espezie asko dauzkagu”, dio Yohannes Haile-Selassie, Arizonako Estatu Unibertsitateko Giza Jatorrien Institutuko (IHO) zuzendariak. “Giza familiak zuhaixka itxura handiagoa zuen bonsai batena baino; kimu asko zituen elkarren parean hazten, enbor bakarra izan ordez”.

Marketin kanpaina bikaina izan du Lucyk mende erdian, eta ezin da ukatu balio handiko arrastoak direnik (...) Baina horrek ez du esan nahi Homo espezie guztien arbasoa denik, eta beste hautagaiei ere tokia egin behar zaie hipotesietan

Esaterako, 1999an, Turkana lakuaren ertzean, Kenyanthropus platyops espezieko garezurra topatu zuten, 3,5 milioi urte dituena; eta 2016an duela 3,8 milioi urteko Australopithecus anamensis espezieko lehen garezur osoa topatu zuten.

Baina Lucy izar mediatikoa izan zen hasieratik, eta beste arrastoak haren itzalean geratu dira. The Beatles taldearen Lucy in the sky with diamonds abestia entzuten ari ziren aurkikuntza egin zutenean eta horregatik jarri zioten Lucy izena. Pop ikono bihurtuta, eta adituen kezkarako, bira luzeak egin izan ditu munduan zehar, 2006an AEBetan egin zuena, besteak beste. 2015ean AEBetako orduko presidente Barack Obamak hezurrak ukitzeko pribilegio zentzugabea izan zuen. Arrastoak aurkitu zituen Don Johanssonek berriki Etiopiara bisita egin du, eta zale gazteek selfiak eskatu dizkiote 80 urteko arkeologoari…

Marketin kanpaina bikaina izan du Lucyk mende erdian, eta ezin da ukatu balio handiko arrastoak direnik, bereziki hezurdura osoaren %40 gorde delako eta “munduan gehien aztertu den fosila delako” Kaye Reed IHOko kidearen esanetan. Baina horrek ez du esan nahi Homo espezie guztien arbasoa denik, eta beste hautagaiei ere tokia egin behar zaie hipotesietan. Hori bai, Gorge Washington Unibertsitateko Bernard Wood paleoantropologoaren ustez, “Lucy oraindik hautagairik onena da”.