Deus
Kaskezur
Usopop, 2024
-----------------------------------------------------
Deus dugu galtzeko” diote baztandarrek. Eta hala da. Disfrutatzeko egin dute beti musika, haziz joan diren lau musikari trebeen arteko joko eta jolasean. 2008an taldea sortu zutenetik tantaz tanta ezagutzera eman dizkigute kantak, diskoetxe eta ekimen desberdinek hauspotuta, beti fin eta irudimentsu post aterkipe zabal distiratsu bezain trumoitsuaren inguruan.
Aurretik beste bi lan luze idatzi bazituzten ere, Ilgora aurkikuntza izan zen gutako askorentzat; eta gero etorri zen Azpisugeak jauzi nabaria. Ihesi doaz animaliak-ek tonika antzekoari eutsi zion eta eutsi zioten ditxosozko pandemia etorri zen arte.
Orain, bat-batean ezerezetik edo luzaroan plazatan deus agertzetik, bueltan dator berriro laukotea, betiko kideekin, bi ahots, bi gitarra, baxua eta bateria formatuan eta haien erritmo eta tenore askean. Berako Atala estudioan grabatu dituzte honako zortzi kantuok Iñigo Irazokirekin.
Ahotsa goxotu dute eta soinua garbiagoa da oinarrian, baina oraindik ere maite dituzte tentsio, intentsitate, joko eta, batez ere, giroak eraikitzea. Diskoa zabaltzen duen Lotsaren teoria horren adibide da: erdi-oniriko jaiotzen da, erritmo sarkorrak eta El Desvän del Macho-ren antzeko armonia garbiak uztartuta, baina mendietatik urrundu ahala kiribilduta eta harrotuta, noiseago, itsasoratzen da. Heldu eta badoa jostaria da erabat eta tenpo erdietan kokatu arren, soinu amerikarra dauka. Egia begira hit hutsa da (haien estiloan), ahots garden ia koralek erdituta intrigazko bateria soil bukaezin baten gainean, Urbizuren tankeran xuxurlatu zein tentsioa handitu eta handitu egiten duena. Merkealdian-en tenpo langidoek gogora ekarri dizkidate Flying Nun-eko taldeak eta Antietam bera. Algoerritmo ere sopresa da, post-rock bizia, Albiniren gordintasuna zein noisea batzen dituena. Hondamendia-k 1990eko hamarkada alaiago irakurtzen du, eta Ginen herenegun-ek intensitate eta malenkonia handiagoarekin. Heldu gara mugara abestuta agurtzen dira goxotasunaren eta irmotasunaren arteko orekan.