argia.eus
INPRIMATU
Bi begien artean
Edu Zelaieta Anta 2024ko azaroaren 20a

Aste oso batez aritu gara Collodiren Pinotxoren abenturak liburuaren inguruan, unibertsitateko ikasgelan, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakaslegaiekin. Gure erreferentzia nagusia Galtzagorrik 2011n argitara emandako edizio ederra izan da –hitzaurrea barne, 171 orrialde ditu–, baina euskarazko zein gaztelaniazko beste bertsio batzuk ere ikusi ditugu. Testu osoak nahiz egokitzapenak. Agian, gorde-agerian, luzatu zaio bakarren bati sudurra pixka bat jardunean…

Aspaldiko greziarrek hainbestetan aipatzen zuten patuak nahi izan du guk Pinotxoren astea deitutako horretan Trump irabazle suertatzea AEBetako hauteskundeetan: agian, zurezko panpinak bezala, Trumpek ere boterearen oholtzan dantzatu du bere itzala, itxura eta egia bereizten (ez) dituen lerro lausoaren gainean.

Pinotxori ez bezala, ordea, gezur usteletan ibiltzeak ez dio ondorio txarrik ekarri Trumpi, eta hurrengo hilabeteetan egurraren luzeak ikusteko gaudela ematen du. Munduko potentzia ekonomiko-militarraren bertsiorik makurrena.

Metaforak zer diren: Pinotxoren astea ere luzatu zaigu fakultatean.

Eta egia ala gezurra, bi begien artean sudurra.