argia.eus
INPRIMATU
Teknologia
Mugikorrak hezkuntzan
Diana Franco Eguren 2024ko azaroaren 13a

Guraso elkartean mugikorren inguruan bigarren hezkuntzarako protokoloa lantzen dabiltzala eta, protokoloaz galdetu dit Bilboko guraso batek.

Jaurlaritzaren webgunean irakurri dudanez, EAEn, 2024ko urtarrilean ikastetxeetan mugikorren erregulazioaren inguruan adierazi zena honakoa izan zen: ez da debekurik existituko Hezkuntza Sailetik. Irakasle batek, momenturen batean, bere hezkuntza jarduera aurrera eroateko mugikorraren erabilera beharrezkoa ikusiko balu, berau baimentzea ondo ikusiko da. Beti ere kontuan hartu behar dira honakoak: erabilera egokia egitea, ikasleen ahalduntzea bilatzea eta erregulatua izatea, hau da ikastetxeko Antolaketa eta Funtzionamendu Araudian jaso beharko da eta Eskola Kontseiluak onartu beharko du.

Gizarte eta hezkuntza sisteman neurri handi batean dugun digitalizazio ereduak zenbait dinamika ditu berezko: datu estraktibista den eredu batean oinarrituta dago eta horrek zenbait ikaslerengan bazterkeria eta zaurgarritasuna areagotu ditzake etorkizunean. Sistema estraktibista izanik, erabiltzailearen arreta bertan izatea bilatzen du, beraz aplikazio gehienek adikzioa eta menpekotasuna sortzen dute. Eta ikastetxe eta beste gizarteratze espazio batzuetan eman daitezkeen jokabide bortitzak orain arte babestoki izan diren lekuetara luzatu ditzake, hala nola etxea.

Google gailu guztietako sistema den bitartean (Chromebook zein Android  bidez), protokolo horietan honakoak sartuko nituzke. Eskolan: erabilera mugatu; hezkuntza digital kritikoa sustatu; datu estrakzioa bultzatuko ez duten aplikazioak aholkatu; pribatutasuna zaindu (aplikazioak erabili ditzakeen baimenak mugatuta, adibidez); segurtasunean indarra jarri.

Eskolatik kanpo: saiatu eskola edo kaleko harreman kutsakorren itzala ez dadila etxera luzatu, mezularitza, bideo-jokoetako txat, clasroomeko txat edota sare sozialen bidez. Harreman guztiek ez dute zertan txarrak izan, gure seme-alaben dinamikei arreta handia jarri beharko diegu.