argia.eus
INPRIMATU
Sexu erromanikoa
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2024ko azaroaren 13a
Emakume bat alua erakusten Cervatoseko San Pedro kolegiatako absideko kapiteletako batean. Argazkia: Crítica
Emakume bat alua erakusten Cervatoseko San Pedro kolegiatako absideko kapiteletako batean. Argazkia:Crítica

Zamora, X. mendearen amaiera. Duero ibaiaren ertzean eta hiriko harresietatik kanpo Santiago de los Caballeros eliza eraiki zuten. Eliza barruko kapiteletan askotariko eszenak irudikatu zituzten, besteak beste, eduki sexualak zituztenak: orgia bat, emakume biluzi bat gizon baten zakilari eusten… Cevantoseko (Kantabria) San Pedro kolegiatako kapiteletan, Teza de Losako (Burgos) San Nikolas elizan eta beste eliza erromaniko askotan ere antzeko sexu eszenak zizelkatu zituzten.

Orain arte hainbat hipotesi egin dira irudi esplizituen helburuaz eta, horien arabera, erliebeek bekatua irudikatuko lukete, saihestu beharreko jardunak, eta, beraz, kapitel horiek kastitaterako deia izango lirateke. Baina Isabel Mellén arte historialari gasteiztarrak oso bestelako ikuspegia jaso du El sexo en tiempos del Románico (Crítica) liburuan. Mellénen ustez, erliebe erromaniko horiek interpretatzean aurreiritzi eta tabu garaikideak erabiltzen dira eta berak ikuspegi naturalago baten alde egin du. Sexua uste baino normalizatuagoa zegoen garai hartan, batez ere nobleen artean. Historialariak noblezia ikertu du nagusiki bere lanean, haiek baitziren eliza erromaniko asko eraikiarazten zituztenak. Eta haiek ziren, beraz, tenplua apainduko zuten irudiak aukeratzen zituztenak. “Ohitura sexual oparoak zituzten, haurrak izateak leinua indartzen zuelako. Familia norbanakoaren gainetik zegoen eta, ondorioz, sexua erdigunean zegoen”. Irudi horiek nobleziaren balioekin lotzen ditu, haurrak, oinordekoak izateko beharrarekin. Horregatik irudikatzen dituzte maiz haurdun dauden emakumeak edo erditze eszenak.

XI. mendean iritsi zen inflexio puntua. Orduan sortu zen elizaren muturreko zorrozkeria. Kleroaren gutxiengo bat sexua bekatuarekin lotzen hasi zen eta “ideia hori pixkanaka gizartean sartzen joan zen, gaur egun gorpuztasunaz dugun tabu horretara iritsi arte”. Genitalitatea eguneroko kontua zela dio arabarrak, Erdi Aroan intimitateaz egun dugun kontzepturik ez zutelako.

Aldaketa hura ez zen bat-batekoa izan. Hasieran, herritarrek ez zieten kleroko kide horiei jaramonik egin; alderantziz, barre egiten zieten, garaiko literaturak jasotakoa kontuan hartuz gero. Baina sexuaren aurkako gurutzadak bere helburua lortuko zuen. “Ohitura sexualak aldatu nahi dituen eta bere boterea handitu nahi duen elizako nukleo txiki batean abiatu zen, eta, azkenean, mundu guztiaren ohean sartzea lortu zuten”.