argia.eus
INPRIMATU
Mazzucato eta inor haserretuko ez duen industria-politika
Roser Espelt Alba @earuze 2024ko azaroaren 13a

Bost hamarkada igarota, badirudi Washingtongo Kontsentsua atzean uzten ari garela. Krisi klimatikoak eta, batez ere, Txinaren igoerak interesa berritu dute estatuak ekonomian izan beharko lukeen gidaritzan eta parte hartze aktiboan. Garai bateko austeritatearen kudeatzaileek, Mario Draghi-k, kasu, industria-politika ausartak aldarrikatzen dituzte orain. Norabide horretan, itzal handia izan du autore baten obrak, baita Euskal Herrian ere: Mariana Mazzucato eta bere “Estatu ekintzailea”.

Mazzucatok proposatzen duena ez da berria, estatu garapenzale asiarraren bertsio berritua baizik. Industrializazioa eta berrikuntza ardatz dituen agenda proposatzen du, trantsizio ekologikoa eta desberdintasunaren murrizketa bezalako helburuak dituen agenda, zeina estatuaren, sektore pribatuaren eta gizarte zibilaren arteko epe luzerako aliantzan oinarritzen den. Proposatzen du aldaketa klimatikoaren aurkako borroka egitea inbertsio publikoaren bidez eta inbertsio pribatua baldintzatzeko zenbait mekanismoren bidez, eta desberdintasunaren aurkakoa aurre-banaketazko mekanismo bidez. Hau da, aberastasuna orain birbanatu ordez, aberastasun gehiago eta berria sortzea, ondoren modu progresiboan banatzeko.

Mazzucatok proposatzen du aberastasuna orain birbanatu ordez, aberastasun gehiago eta berria sortzea, ondoren modu progresiboan banatzeko

Ikuspegi ezkertiarrenetik leporatu izan zaio kapitalismoaren defendatzaile irmoa izatea, keynesiar petoa, berak adierazi bezala, kapitalismoa bere buruagandik salbatu nahi duena. Baina, badu zentzurik kritika horrek? Ekonomiaren gidaritza publikoa, inbertsioaren demokratizazioa eta epe luzerako planifikazioa, helburu sozioekonomiko jakin batzuen barruan, zalantzarik gabe, alternatiba ekosozialista eraikitzeko ezinbesteko zutabeak dira.

Hala ere, epe luzerako ñabardura bat lirudikeena, proposamenaren epe motzerako muga nagusietako bat ere bada. Mazzucatok ez du kontuan hartzen kapitalismoa klase antagonikoen gizartea dela, ez ditu kontuan hartzen botere harremanak, eta datozkigun eskasia garaiak ikusita, erabilera balioaren eta truke balioaren arteko kontraesan gorakorrak ezinezko egingo duela sektore pribatuaren eta interes orokorraren arteko kontsentsua. Zenbateko desberdintasuna da desberdintasun onargarri bat? Estatuaren parte hartzea ekonomian klaseen arteko lehiak zehaztuko du, ez berrikuntzak.

Egungo urgentziak eraginda, progresismoak bere proposamenak besarkatu ditu, balizko errealismo bat oinarri, kapitalismoaren saihestezintasuna onartzean datzan errealismo bat, baina ez dituena horren joko-arauak aitortzen. Mazzucatok Mission economy azken liburuan baieztatzen du ez dagoela “merkatuaren portaerarik saihestu ezin denik”. Ados, baldin eta merkatu hori ez bada kapitalista.