argia.eus
INPRIMATU
Irribarrez irakurtzeko
Xabier Etxaniz Erle 2024ko azaroaren 15

PELLOKERIAK
Ruben Ruiz
Ilustrazioak: Joseba Beramendi, Exprai.
Elkar, 2022

-----------------------------------------------

Ruben Ruizek kontakizun laburrez osaturiko obra berri bat eskaini digu. Ez dira mikroipuinak, kontakizunek, modu independentean irakur badaitezke ere, badutelako lotura bat: protagonista, Pello, ateraldi bitxiak dituen mutikoa, eta hari gertaturikoak.

21 mikrokontakizunek osatzen dute liburua eta irakurleari berehala datorkio burura Ruben Ruizek idatzitako Anekdotak (Pamiela, 2008) hura, Lizardi eta Euskadi sariak eskuratu zituen lana. Oraingo honek ere irabazi du dagoeneko sari bat: Mikel Zarate 2024.
Kontakizun laburrak direla aipatu dugu, anekdota, gertakari, burutapen edo ateraldi baten istorioak. Batzuetan ideia edo gertakari baten narrazioa dugu (eskolan bullyinga jasotzen duenaren kasua, edo ahari hotza Maritxu Teilatukoari jartzen diona, esaterako), beste batzuetan hitz jokoek dute pisurik handiena, majikoak/magikoak; katuaje/tatuaje… eta bestelakoetan gertakariak berak duen umorea. Baina modu batean nahiz bestean umore hori da liburuan zehar mantentzen dena.

Egileak, ilustratzailearen laguntzarekin, mutiko bihurri samar (edo agian etorri handikoa esango beharko genuke) horren egunerokoan sartzen gaitu. Eskolak pisu handia du narrazioetan, irakasleen jokabidea edo klaseko ariketak (ipuin laburren lehiaketa, inauteriak, azterketa), esaterako, baina etxeak, gaixotu den aitonaren ingurukoek eta eguneroko istorioek ere beren garrantzia dute liburuan. Gaiak erakargarriak izateaz gain, idazkera ere oso ongi zainduta dago; labur eta zehatz, didaktismotik urrun, hizkuntzarekin jolas egiten du egileak, eta idazkera literarioa erreibindikatu.

Azkar irakur daitekeen obra dugu Pellokeriak, jarraian nahiz zatika, ozenki nahiz isilik, bakarka edo taldean, baina beti jolasa, dibertimendua eta gozamen sentimenduarekin… irribarrez.