argia.eus
INPRIMATU
Irautea
Arantza Gutierrez Paz @arantzatxu 2024ko azaroaren 13a

Indarkeria matxistagatik Iñigo Errejónen aurkako salaketa dela-eta, badirudi batzuk konturatu direla ezkerreko alderdi, sindikatu eta erakundeetan ere emakumeok ez gaudela gizon kideengatik biolentzia jasotzetik aske. Argi geratu da, gainera, halako egoeratan batzuek ezjakinarena egin eta beste aldera begiratzea erabakitzen dutela, eta soilik mugitzen direla salaketa bat dagoenean edo/eta erasoa publiko egiten denean. Orduan bai, errudunak bilatzen dituzte, protokoloek kale egin dutela aitzakiatzen dute, eta sorturiko krisia lehenbailehen konpontzen saiatzen dira, ahal den kalterik txikienarekin ateratzen, eta ez beti eraso egin diotena babesten.

Protokoloek funtzionatzen dutenean ere, zaila, ia ezinezkoa da antzematea ia oharkabean gertatzen den indarkeria: arzalpena edo mansplaining-a, hitzen txanda eta denbora metatzea, gutxiespenak… ingurune-biolentzia deitzen dena, alegia. Zenbaitetan jasaten duenak ere ez daki identifikatzen eta esajeratzen ari dela uste du, gainerako kideek ere erlatibizatzeko esaten baitiote. Eta horretaz ere hitz egin behar da, ezkerreko mugimendu mistoetan emakumeek irautea nahi bada, behintzat.