argia.eus
INPRIMATU
Nor da Memet?
Ainhoa Aldazabal Gallastegui 2024ko azaroaren 07a

Memet
Noemie Marsily eta Isabella Cieli
A fin de centos, 2022

--------------------------------------------------

Kolore gorriko kanpineko kremailera ireki eta atetxotik begira gaude Lucyrekin batera. Portada honekin hartzen du irakurlea Memet komikiak. Hitz gutxiko gidoiak eta koloretako arkatzen ilustrazioak konbinazio originala osatzen dute. Gaurkoan ekarri dugun liburuak 2021an 8-12 urte bitartekoentzako komiki saria jaso zuen Bologna Ragazzi Award lehiaketan.

Lucy eta Roman kanpinean ezagutu dira. Lehenengoa egun gutxitarako iritsi da bertara eta bigarrenak primeran ezagutzen du ingurua. Mesfidati hasieran, goxoago bukaeran, haur biren arteko enkontru motza deskribatzen du liburuak. Nor bere motxilarekin abiatzen da (abandonua, lagunak egiteko beharra, basakeria, ezezagutza…) baina samurtasunak irabazten du. Memet nor den jakiteko, ordea, liburua irakurri beharko duzue.

Kanpinak izan daitezkeen espazio ireki eta libreak irudikatzeko primeran datozen baliabideak erabiltzen ditu ilustratzaileak: bineta gehien-gehienak irekiak dira (bideo grabazioak simulatzen dituztenak salbu, kameraren enkuadraketa erakusteko) eta orrialde osoko irudiak ere aurkituko ditugu (orrialde bakarrekoak batzuk eta bikoitzak bestetzuk). Espazio ireki horiek indartzen dituzten koloreen erabilera bikaina ere azpimarratuko nuke: berdea, urdina, horixka dira zelai, erreka eta eguzkiaren koloreak. Barneko espazioak (karabana, kanpina, komuna, kotxea edo taberna) ere agertzen dira eta horiek urdin moreak diren tonuekin eginda daude.

Udako opor garaian kokatzen da istorioa eta Lucy kanpinera iristen denetik joaten den arteko denbora tartea kontatzen digu. Ez dakigu zehazki zenbat egun diren horiek, baina dirudienez ez dira asko, beste kanpin batera joatearekin amaitzen da-eta liburua. Egunak argitsuak dira, eta eskaintzen zaizkion orri kopurua kontuan hartuta baita luzeak ere. Dena dela, gau-giroa ere agertzen da liburuan; kolore ilunagoak izanagatik segurtasuna eta etxekotasuna transmititzen dutenak.

Protagonisten kuriositateak eta jolasak leku handia du liburuan eta horrek dinamikoa egiten du kontakizuna, koloretsua eta opor usaina duena. Aldi berean, paisaiak eta espazioek garrantzi handia dute eta detailez betetako ilustrazioak aurkituko ditugu harremanen konplexutasuna eta interkonekxioa erakusten digutenak. Estilo benetan erakargarria osatzen da horrela, arina, ebokatzailea eta sakona.