Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Elkar, 2024
-----------------------------------------------------
Gazte-egarri da euskal kultur sistema. Horixe zioen Leire Vargasek Berria-n idatzitako zutabean. Odol freskoa nahi du industriak: askotarikoa eta dibertsoa. Azkenean, baina, izen berberak agertzen zaizkigu han eta hemen. Askotarikoa eta dibertsoa bai, baina deskuiduan eskukada-bat izenek hornitzen du gure kultur-parrilla. Hala ulertu genion. Oximoronak badauzka albo kalteak –agian hain alboko ere ez direnak–. Nola sortu patxadaz, kultur sistematxo honen egarritzarra asetzen egonez gero? Nola eman denbora idazteari?
Kulturaren logika irensle horren kontrakarrean dago idatzita Vargasen bigarren poemategia. Dena ametsa den irudipena argitaratu eta hiru urtera iritsi da Bihotz-museo bat, berriro Elkarrekin. Ez dakigu denbora asko ala gutxi den, baina idazketari nabaritu diogu patxada bat gurean, batzuetan, faltan sumatzen duguna.
Liburuak ni bat aurkezten du, eta “niaren” gorputzaren materialtasuna gordinki erakutsi: “Larrua erauzi didate / formabako haragia naiz orain / odol-uholde basari eusten/ ezinean”. Halatan, hizkuntza iritsiko da gorputza iristen ez den lekuetara, hizkuntzak ezinbestean baldarki eraldatuko badu ere adierazten duen hori: “Orain hizkuntza badugu / baina gure mihiak urrun daude / nahiko luketena ahoratzetik”. Iritsi nahi eta ezin, hizkuntzaren ezintasunak dakarren gatazkan egiten dute aurrera poemek nolabaiteko soluzioa aurkitu arte: mundua sartzen du hizkuntzaren gorputz-atalaren barruan. Sartzen ditu “amapolak ahoan”.
Gatazka hiru ataletan dago banatuta: Itsasaldia, Hondarrak eta Etxe berri bat. Lehenengoan, hizkuntzak balio du baina ez, galeraren minaz jarduteko. Bigarrenean, itsasaldiak utzitako hondarrekin ari da borrokan ahotsa: “Atzera begira / erraza da / gauzei su ematea”. Azken atalean su emandako horrek bide ematen dio “bestelako” etxe bat eraikitzeko, “aurrera begira / ordutik geratu zitzaizkidan errautsetatik / irudi berriak / ateratzeko”.
Tira, ez dakigu esan behar denik ere, baina halako liburu bat ezin da idatzi ez bada soseguz. Gazte-egarri ariko da euskal kultur sistema. Guk, hala ere, patxada nahiago dugu.