Laberintuak
Maniaks
Autoekoizpena, 2024
------------------------------------------
Ohikoa da gaztaroaren borborrean musika taldeak sortzea, eta non eta Arrasaten are gehiago. Baina talde bat sasoian eusteak esfortzu eta konpromiso handia eskatzen du, eta tira egin ezean denboraren eraginez hasierako indarra lausotzen joaten da. Horregatik sorpresa hartu dut Maniaks taldearen itzuleraren eta diskoaren argitalpenaren berri izan dudanean. Gogoz dator hirukotea eta dirudienez ideiak oso argi ditu.
Maniaks 2011 inguruan sortu zen eta tarteka zuzeneko gutxi batzuk egin bazituzten ere, lozorroan egon da luzaroan. Hala, orain bestelako ideiak eta estiloak barneratuta eta beste bateria-jotzaile batekin, Never Surrender-eko Atxirekin, talde berrituak egin du agerpena.
Urrun gelditu da iraganeko punk eta oi!-arekiko atxikimendua; eta nahiz eta DNAn badituzten, bestelako sonoritateetan dabiltza orain oso motibatuta.
Sei kantuk osatzen dute estreinako lana, guztiak euskaraz abestuta, ahotsaren presentzia nabarmenarekin eta hiru minuturen bueltan dabiltzanak. Nabarmentzekoa eta poztekoa da rock-and-rollaren esparruan kantu guztiak euskaraz abesteko hautua egin izana. Deabrua da lana dotore zabaltzeko ardura duena: melodiak pisu handia daukan punk-rock indartsua, Hellacopters riff-etan eta Heriotza zenbait erritmotan –belaunaldietako uztak– gogora ekarri dizkiguna. Laberintuak-ek, aldiz, badauka oi!-aren eta sustraien esentzia, baina baita ere, esaterako, Vicent Von Reverb-en ahots dikzioa, beti ere gitarra distiratsuekin. Kolorezko kateak-en ere presente dago itsaskorra eta era berean melodikoa den punk-rock bizia.
Diskoaren B aldea Zainetan hit!-ak zabaltzen du, punk-rock-and-rollaren baitan indartsu, Dreggen eta Nickeren hastapen rockeroak zein Powder Monkeys-en gisako aussie esentzia azaleratuta. Jarraian, Bihotz errebeldea-n, Europako undergroundean hardcore melodikoaren bidea zabaldu zutenen afinazio eta melodiak, oi! oroitzapenak eta gitarra rock-and-rolleroak batzen dira. Eta, diskoa ixteko, Azken mohikanoak-en tenpo erdiak, malenkonia eta 1980ko hamarkadako gitarra garbiak lantzeaz gain, ahotsean beste pauso bat ematen dute.