Wallapop aplikazioaren bidez bozgorailu kaxkar batzuk saldu nituen uda aurretik. Agian produktuaren deskribapena pixka bat puztuta zegoen, egia da. Erosleak hiru izar jarri zizkidan bostetik. Argi dago, ez nuen gehiagorik merezi.
Hurrengo astean, Irundik Bilbora eraman nuen autoan nire adin bueltako gizon bat, Blablacar webgunea erabilita. Bidaideak ez zuen zeken jokatu niri nota jartzeko orduan, eta bost puntu eman zizkidan, nota gorena. Iruzkin adeitsu bat idatzi ere egin zuen. Ez nuen gutxiagorik espero; bidaia bikain joan zen, hitz eta pitz, garaiz iritsi ginen adostutako lekura, ez zuen kexarik adierazi hankentzako espazio-muga bistakoengatik, eta nik ere malgu jokatu nuen helmugako puntuarekin.
Iazko irakasgai bateko ikasleen balorazio-inkesta iritsi zitzaidan ikasturtea hastearekin batera: 3,6/5. Ondo dago, edo ez dago gaizki, baina kopeta zimurtu egin zait nahi gabe. Iruditu zitzaidan ondo konektatu genuela, oso gustura egon zirela nirekin, eta inkestetan ez da hori nik espero bezala islatu. Zer egingo zaio…
Poz txiki bat ere eman ohi didate balorazio positiboek, eta pittin bat goibeldu edo apaldu, aldartearen arabera, negatiboek. Baina zer balio dute benetan?
Ez dut horretarako ohitura handirik, baina pasa den astean argazki bat jarri nuen seme-alabekin zaharrunoon sare sozialean, eta 38 "datsegit" lortu nituen. Eta iruzkin atsegin batzuk ere bai, bospasei, gehienak senitartekoenak. Txikien intimitatearen gaineko zalantza batzuk sortu zitzaizkidan, baina nahiko kontent geratu nintzen emaitzarekin.
Poz txiki bat ere eman ohi didate balorazio positiboek, eta pittin bat goibeldu edo apaldu, aldartearen arabera, negatiboek. Baina zer balio dute benetan? Eta horiek ez badute asko balio, zerk balio du benetan? Nire kasuan, ez gauza bakar batek, noski, baina badut adibide bat. Antzeko bi eskaintza jaso ditut oso denbora gutxian, eta ez nolanahiko eskaintzak, bi familiaren eskutik: etxe handi bat erosi, bitan zatitu eta familia bakoitza parte batean geratzeko eskaintzak.
Gauza asko esaten dizkit halako proposamen batek, edo nik honela itzultzen ditut, nire komenientziara: “Nire bizitzaren parte izan zaitezen nahi dut”, edo “bizi-proiektu bat eraiki nahi dut zurekin batera”, edo, zergatik ez, “arriskua hartzea merezi du zurekin baldin bada”, edo antzekoa izan daitekeen “fidatzen naiz zutaz”. Urrunegi joan naiz? Agian bai. Eta tira, hala izanda ere, horiek ere ez didate balio bizitza osoan laino batean bizi nadin, baina poz poxi bat sortzen dute nigan, eta zerbait gehiago ere bai, erdi ezezagun batek ematen dizkidan like, izar, puntu eta abarren aldean.