argia.eus
INPRIMATU
Zorroztu ezpatak!
Xalba Ramirez @xalbaram 2024ko urriaren 24a

Ezpatei Disdira!
Tatxers
Humo Internacional, 2024

-----------------------------------------

Pop melodia itsaskorren gerrillariak. Vietcong txikiak nola, bata bestearen atzetik, tranpekin edo tranparik gabe berriz harrapatzen gaituzte Tatxersekoek. Himnogintzaren maisuak, lehen entzunaldian hala nabaritu ez arren, denboran iraungo duen beste disko bat da honakoa, formazioan aldaketa eta guzti (Sergio Devesa baterian).

Disko honetan soinua landuagoa da. Bizpahiru gitarra entzun daitezke, sintetizagailuren bat, efektuak eta abarrak. Aurreko diskotik bereizteko balio izan die, baina hasiera batean apur bat kriptikoagoa da, eta akaso gehiago kostatuko zaigu mamira heltzea. Geruzak batzuetan estali egiten baitu mamia.

Tatxersekoak ez dira bakarrik melodiaren artisauak. Iruditerian ere, goi gerlariak dira tatxerstarrak. Aurreko diskoan “gurea da lore sorta!” zen kontsigna, oraingoan, “ezpatak zorroztu!”. Kantu guztiek dute ezpatei distira ateratzearekin zer ikusirik: guda prestatzearekin, bakea irabazteko. Eta aldi berean, askotarikoak dira tematikak eta paisaiak. Irudien zizelkari apartak!  

Akaso zarata gehiegirik gabe ondo posizionatzen den talde eredugarrienetako bat da Tatxers. Euskal Herriko eta Espainiako underground eszenak berdin maite duen taldea (ez dute alferrik argitaratu hau Humo Internacionalekin). Ez dute horrelakorik aldarrikatu beharrik, baina ez dituzu ikusiko euskal farandula berrian apur eske, promozio eta marketingaren esklabo. Ez dute horrelakorik aldarrikatu beharrik, baina klase kontzientzia argi dute.  

Bada, halaxe, berriz ere, zer zortekoak gu Tatxersen garaikide izateagatik: “Eta esaidazu, gerra berriendako arma zahar horiek ez dutela balio. Eta esaidazu, bakea egiteko, nora joango garen armak zorroztera”.