Norberak maite duena. Hitza gogoan, irakurketa biziz
Miren Billelabeitia
Pamiela, 2022
------------------------------------------------
Miren Billelabeitia institutuko irakaslea da, literaturzalea eta Literatura unibertsala irakasgaia ematen du duela zenbait urtetatik. Norberak maite duena liburua argitaratu zuen Pamielarekin 2022an eta 2023an Euskadi Saria eman zioten lan horrengatik.
Saiakera lan horretan bere ezagutza eta esperientzia partekatzen ditu; ikasleekin, besteak beste, Mila gau eta bat gehiago, Hamlet, Metamorfosia edo Gela bat norberarena irakurtzean gertatu zaizkionak eta horien inguruko ondorioak.
Egileak bere burua deskribatzean irakasle eta irakurle dela dio, eta bi izaera horiek definitzeko “ikasle nekaezina” hitzak erabiltzen ditu. Horrek erakusten digu berarentzat zein garrantzitsua den literatura irakasten duena etengabe bilatzen, probatzen eta egokitzen ibiltzea.
Klasikoak dira klaseratzen dituenak, eta horren inguruko aurreiritziak baztertzen saiatzen da: ezezaguna eta ‘zaila’ dena erronka eta aurkikuntza izan daitezke bidean lagunduz gero; literaturzaletasuna testu errazen ulermenera mugatzen badugu ez da literatur gaitasunik edo ikuspegi kritikorik lantzeko aukerarik izango; klasikoak gomendagarriak dira belaunaldi guztiekin, gazteekin ere bai, konektatzeko eta hunkitzeko aukera ematen dutelako pixka bat landuz gero.
Euskaraz irakurtzeko eta hitz egiteko oztopoak badirela adierazten du, baina literatur solasaldiak aukera ederra dira ikasleek hizkuntza praktikan jar dezaten eta jarduna aberasten joan daitezen, bai irakurtzean, bai eztabaidatzean, baita idaztean ere.
Irakurtzeari begira, solasaldiak edo tertuliak maite ditu: irakasleak gomendatutako liburu osoak kapituluka irakurriko dituzte etxean eta klasean elkarrekin partekatuko dituzte zalantzak, pasarte hautatuak eta euren bizipenekin egindako loturak aletu eta kateatuta. Azkenean, gogoeta egiten trebatuko dira eta literaturaren ekarpenez gozatzera helduko dira, “lotura komunikatibo eta komunitarioei esker”.
Izan ere, “gizarte irakurleago bat” lortzea denon ardura da, ez soilik hezkuntzarena. Bere ustez kirolaren sustapenarekin bezala jokatu beharko genuke literaturarekin: “Zeren ederki sendotu baitugu latinezko esaera zaharraren corpore aldea, baina mens-ari dagokionean, pixka bat atzera geratu garelakoan nago”.