argia.eus
INPRIMATU
XXI. mendeko euskal eskola zein? Publikoa
Mikel Basabe Kortabarria 2024ko urriaren 23a

Corazonistas, Marianistas, Niño Jesús, CEU San Pablo-Virgen Niña, Carmelitas, Presentación de María, Vera Cruz, NClic, San Viator, Escolapias, Escolapios, Mercedarias, Nazareth, Inmaculada Concepción, Hogar San José, Egibide, Urkide (lehengo Ursulinas) eta San Prudencio. Gehi Eusko Ikastolen Batzako Olabide. Azkenik, Partaideko Armentia. Horiexek dira Gasteizko eskola pribatuak, guztiak kontzertatuak (hau da, diru publikorekin finantzatuak).

Gogoratu EAEko Hezkuntza Legeak zer dioen: "26. artikulua.– Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa. 3.– Euskal hezkuntza-zerbitzu publikoaren prestazioa ikastetxe publikoen eta itunpeko ikastetxe pribatuen bidez gauzatuko da". Eta honako hau ere bai: "23. artikulua.– Itunpeko ikastetxe pribatuak. 2.– Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren barruan nahitaezko ikasketak ematen dituzten itunpeko ikastetxeak oso-osorik finantzatuko dira, ikasketa horiei dagokienez".

Gasteizko ikastetxe pribatuak zerrendatu ditut, bertan dut bizilekua eta bertan naiz irakasle. Euskal Herriko bigarren hiria da populazioan, eta euskarak izugarrizko aurrerapausoa egin du ezagutzan, ingurune ez euskaldunean dagoen arren. Gasteizek hezkuntza-sare pribatu erraldoia du: Eustaten azken datuen arabera, Lehen Hezkuntzan sare publikoa nagusi den arren, 12 urterekin Gasteizko gazteen %55 sare pribatura doa DBH egitera, zeinean bostetik batek baizik ez duen D ereduan ikasiko. Publikora doazenen artean, ostera, bostetik lauk egingo du DBH D ereduan.

Gasteizek hezkuntza-sare pribatu erraldoia du: LHn sare publikoa nagusi den arren, 12 urterekin gazteen %55 sare pribatura doa, zeinean bostetik batek baizik ez duen D ereduan ikasiko

Beraz, zehazki nondik helduta eutsi ahal zaio ikastetxe kontzertatuen aldeko diskurtsoari eta praktikari? Ezkerretik, zelan? Euskalduntzetik, zelan? Zelan justifika daiteke "herri ekimeneko" ikastetxe bat (ala bi dira?) babesteko, beste dozena eta erdi ikastetxe, tartean zenbait euskarafobo eta erabat klasista ere, finantzatu behar ditugula, "oso-osorik finantzatu" ere?

Ukaezina eta eskertzekoa da ikastolek XX. mendearen garai ilunean egindako ekarpena. Eskertzekoa, hezkuntza publikoak aukerarik ematen ez zuen hartan, euskaraz ikasteko bidea eman zigutelako. Eskerrik asko, beraz, ikastola haiei guztiei, bai mende amaieran publifikatu zirenei, bai kontzertatu izaten jarraitu zutenei ere.

XXI. mendean, baina, sare kontzertatua ehuneko ehunean (gehi kuotak) finantzatzeak eta diskurtsoan nahiz praktikan akritikoki sustatzeak, ahuldu egiten ditu gizarte-kohesioa, laikotasuna eta euskararen biziberritzea.