KATARSI
NON: Iparragirre Rock Elkartea (Gernika).
NOIZ: Urriaren 5ean.
NON: Eran.
----------------------------------------
Hau ez da zuzeneko kontzertuaren kronika bat. Izatekotan, oholtza azpian min indibidulek eta atsegin kolektiboak bat egitean gorpuztutako burutazioen errelato kaotiko bat da. Katarsi den ahots indibidual baina kolektibo horren eta teoriaren arteko elkartruke desordenatu bat. Norberarenaren faltan, besteen hitzei helduta katarsi propioa kontatzeko saiakera bat.
Heridas. Cruel. A golpe de maza.
Maria Zapatak, Judith Butler eta Ariana Caveroren lanetan oinarrituta, hauskortasunaren eta ahultasunaren arteko bereizketa egiten du, eta zaurgarritasuna hauskortasunarekin lotzea proposatu. Antropologoak dio zaurgarritasuna munduaren eraginpean modu erradikalean agertzea dela; kolpeak jasotzeko, baina baita laztanak ere. Zaurgarri izatea, beraz, errealitate krudelaren ostiak jasotzea da. Eta ondorioz, batzuetan, norbere lokatz sakonenetan igeri egin ezinda hondoa jotzea.
Ez zaude, lagun.
Gogorrena, agian, hondoa jo ondoren berriz altxatzeko heldulekurik ez ikustea da. Laztanduko zaituen norbait, edo, behintzat, zeure zauriak miazkatzen ari zarela ondoan eseriko den norbait.
Final.
Baina amaiera ez dator lurra jo duzula sentitzean. Amaiera dator lurrera errenditzean. Errenditze hori da zaurgarritasunaren kontzientzia hartzea eta berau onartzea. Eta horri darraio sosegu moduko bat, errenditzearen egonarria. Eta sosegu horrek irekitzen du arrakala bat botata zauden lurrean. Eta arrakala horrek uzten dizu ikusten badirela helduleku batzuk, ordura arte ikusteko gai ez zinenak.
Alienazioaren seme-alabak. Kamarada.
Heldulekuak dira hitzak, zureak ala besteenak, melodiak, eta lurrera errenditu diren beste batzuen begiak. Eusten zaituztenak. Ariana S. Cotak argudiatzen du ekiteko gaitasun kolektiboa egoera zaurgarria onartuta bakarrik gara daitekeela, elkarrekin egotearen eta elkarrekin gauzak egitearen bitartez. Synt-punk tristoi, gordin eta dantzagarria egitea, entzutea edo dantzatzea, adibidez.
Hil eta gero bizi.
Hondoa jo eta altxatu ostean datorrena ez da zoriontasuna. Bizitza da, bere kolpe eta laztan berriekin. Baina Zapatak dio zaurgarritasunaren kontzientzia dela sendotasunik handiena. Zaurgarritasun partekatua, indar gotorlekua. Hargatik ikusten da, beharbada, sendotasuna oholtzan. Katarsi indibidualen batuketaren ondorengo sendotasun bat, sintetikoa, hauskorra eta konplizitate musikalez betea. Laukote batetik, lau banakora tarteka, eta laukotera bueltan. Eta entzuleok hargatik egin ditugu gure minen adierazpide taldearen LP bakarreko abesti guztiak. Eta hargatik egiten diogu, errepika bakoitzean, krudeltasunari dantza eta, Asun Pié Balaguerrek esan bezala, zaurgarritasunaren matxinadari gorazarre.