Lagun batek azaldu dit zein garrantzitsua den jolasa ikaskuntzan. Jolastuz gauza asko ikas daitezkeela jakin badakit, ugaztunen dokumentalak ikusi besterik ez dago. Badaude jolas hezitzaileak eta jostailu didaktikoak (gerra-jostailuak eta jostailu sexistak barne, nahiz eta sarri jolas hezitzaileen kontrako gisa aurkezten diren, oker, zeren eta hezi, hezten baitute, oso makur iruditzen zaigun norabidean bada ere). Jostailu sexualak ez aipatzearren.
Zalantzan ipiniko dut adiskideak azalpenak ematean jarritako enfasia, guztion abiapuntua balitz bezala ezin dugula ezer ikasi jolastean. Alderantziz delakoan nago. Agian duela hamarkada batzuk, Harri Aroan, hezkuntza era zorrotzean zertzen zenean, ulergarria zen jolasaren garrantzia defendatzeko pasio hori.
Gaur arraroa dena zera da, hezkuntza arautuan jolastea eta ondo pasatzea baino zerbait gehiago egin behar dela esaten duena topatzea (zinez, zaila da hori esaten duen aurrerakoirik topatzea). Horrekin esan nahi al dut eskolan txarto pasatu behar dutela umeek edo nerabeek? Ez, Jainkosenarren. Baina ikasleek txarto pasatzea saihestu beharrak ez du zertan esan nahi guztiok ahalik eta ondoen pasatzea izan behar dugunik helburu bakarra. Ikastetxe atarietan gurasoen galdera gero eta gehiagotan da "ondo pasatu al duzu gaur, bihotza?", beste honen ordez: "Asko ikasi al duzu, laztana?". Bai, bi gauzak batera posible dira. Enfasiaz ari naiz. Gregorio Luri filosofo eta pedagogoak dioen bezala, barkatu, baina ez, eskola ez da jolas-parke bat. Luri katolikoa eta kontserbadorea da; eta, Jainkosak aipatu berri baditut ere, ni ateoa eta ezkertiarra naiz.
Jolasak hezkuntzan duen garrantzia bainoago, azpimarratu behar da bizitzan zein beharrezkoa den aspertzea
Lagunaren grinaren kontra, egun, jolasak hezkuntzan duen garrantzia bainoago, azpimarratu behar da bizitzan zein beharrezkoa den aspertzea. Eta, ikasteaz ari garenez, ikasi behar dugula, halaber, ondo aspertzen. Ezin egon gaitezke uraren gaineko aparretan etengabe; besteak beste, gaudenean baloratu ahal izateko. Intsumisioa behar dugu, Iñigo Martinez Peñak dioen mandamentu hipermodernoaren kontra (dibertitu zaitez!).
Jolastu edo jolasa terminoaren hainbat barne ñabardura daude. Kasurako: jolasa egoteko, derrigorrezkoa ote da entretenimendua? Matematikako ariketa jolasa izan al daiteke? Gogoratu "irabazi" eta "galdu" tartean sartzen badira, jolastu barik, jokatu behar dugula esan, bi gauzok desberdinak baitira euskaldunontzat (hizkuntza askotan nahasten dira biak). Euskaltzaindiak emandako adibideei jarraiki, xakea edo bestelako mahai-jokoak ez dira mintzagai hezkuntzan jolasaren garrantziaz ari garenean. Ezta kirol gehienak ere. Jolasa "atsegin edota atseden hartzeko jarduna da, olgeta, josteta, eta dirurik jokatzen ez den joko edo kirola" (hitz-jokoa salbuespena ote da?). Euskaltzaindiak gaineratu bezala, nola hartzen den arabera, jolasa dena joko bihur daiteke, bertsolaritza, kasu.
Ehunka web-orri daude jolasa edo/eta jokoa ikaskuntzan sartzearen onurak azaltzen dituztenak. Ez da soilik ondo pasatzea, esaten digute, neurozientziek erakutsi duten lez... hau eta bestea. Ai ene, bai! Bilatu zer dioten azken ikerketek burmuinerako aspertzearen onuraz (bateko berdinketa, kar, kar). Azken aurreko asmakeria "edutainment" da, ingelesezko education eta entertainment hitzen batura. Ahalik eta lehen ahaztu nahi nukeen webgune batean esaten da, pozaren pozez: "Belaunaldi berriek heziketa askoz errazagoa exijitzen dute ikaskuntzari laguntzeko eta, autore batzuek diotenez, sistema horietan entretenimendua tresna da eta hezkuntza, berriz, ekosistema horren barruko eduki formala". Hitzez hitz, serio. Dibertitzen ez dena nahi ez duelako da.