Lanak gure bizitzei zentzua ematen dien ustea krisian dago, bai behintzat industrializazio berantiarrak hegemoniko egin zuen moduan. Lanaren etika protestante moduan definitu genezake lanaren izaera hori, burgesiak interes propioz garatutako munduan izateko modua (kapitalismoarentzat baliagarri), langile klaseak bere egina, baita euskal kooperatibismoaren pentsamenduak ere. Azken finean, soldatapeko lana da denbora luzez jendartean subjektu egin gaituena. Bai, ikuspegi horrek jende asko identitate hegemonikoetatik kanpo utzi du.
Lanaren zentzua krisian dago, prekarizazioa zabaldu delako berriro, lanaren definizioa bera soldatapeko lanetik askatu eta konplexuagoa bihurtu delako, autoeraketa kolektiboan oinarritutako lanak betaurreko feminista, ekologista eta antirrazistak jantzi dituelako, krisi sistemikoak segurtasuna eta birtokiratzea bezalako beharrak erdigunean jarri dituelako, neoliberalismoak egiten dugun lana baino aisia (kontsumoa) jainkotu duelako.
Lana, bere zentzu zabalenean, komunitatean, kolektiboan, berdintasunez, beharrezkoa dugu bizitza bera posible izan dadin
Langile identitatearen nostalgia ariketa erreakzionarioen putzuan sartzea ekidin, eta, krisi sistemikoak jendea ustez lan seguruak direnetara daraman eskapismoa arazo gisa identifikatuta, pentsatu beharko dugu zer egin lanaren zentzuarekin. Zapaldu eta ikusezinak beti zentzu horretatik kanpo egon direnez, agian lehen pausoa izan daiteke haiei entzun eta subjektu moduan tokia egitea. Beste bide bat izan daiteke zentzuaren aldagaietara ekartzea beti existitu den lan autoeratu eta kolektibizatua.
Lanaren definizio eta etika berria behar dugu, beraz; afera konplexua. Hasi gaitezen gure bizitza eta lurraldeetatik. Egin dezagun gure herrietan (ondo) lan eta bizitzeko asmoa gure ildo politiko eta material zentrala. Beldurtzen gaituen krisi ekosozialari eta Joseba Gabilondok ondo definitu duen apokalipsiari aurre egiteko bidea egin behar dugu, bizitzarako beharrezkoak diren lanei prestigio sozial eta materiala emanez. Zaintza eta elikagai ekoizpena, adibidez. Hezkuntza gure herrietan bizitzeko behar material eta sozialen identifikazioarekin lotuta, eta lan proiektu kolektiboak sortuta. Horretarako gure herrietan badauden gaitasunak, baliabide komunak eta ezagutzak saretu eta norabide honetan jarri beharko ditugu.
Lana, bere zentzu zabalenean, komunitatean, kolektiboan, berdintasunez, beharrezkoa dugu bizitza bera posible izan dadin. Horregatik, aurreratzen dizuet, etorkizunean gure herri eta auzoetan egingo dugu lan.