[Azpi-testu hau LARRUN honetako gai nagusitik dator, Eskuin muturraren neurrira egindako sareak, gorrotoa elikatzeko bazka, eta badago beste azpi-testu bat ere: Kirolari lotuta ere bai...]
Fikziozko izena da Elena Francis, baina bai izan zen Espainia frankistako irratsaio bat: Elena Francisen Kontsultategia. Emakume espainiarrek eskutitza bidaltzen zuten bertara, programako gidariari aholkua eskatzeko: nola egin errusiar entsaladilla on bat, senarra liluratzeko? Eta fruta kontserba? Nola kozinatu ganoraz odolki eta txorizoa lekaleekin jateko?
Hiru galdera erreal horiek eta gehiago jasota daude Las cartas de Elena Francis. Una educación sentimental bajo el franquismo liburuan (Elena Francisen kartak. Frankismo garaian, heziketa sentimentala). Alegia, senarraren begietan, “etxeko andre on bat” nola izan galdetzen ari ziren emakume horiek.
Gaur egungo ikuspegitik begiratuta, kafkiano samarra dirudite halako gertakariek. Baina ez. Horren guztiaren bertsio eguneratua da tradwife fenomenoa –traditional-wife ingelesez; “emazte tradizionala”–, eta mugimendu horrek bere sostengua du gizartean. Ez dirudi bereziki zabaldua eta onartua dagoenik, baina ez da afera erraza.
Tradwife fenomenoaren sustatzaile ezagunenetako bat Estee Williams estatubatuarra da, emakume errepublikanoa, kristaua eta zuria –ez dirudi hori kasualitatea denik–. Etxekoandre zoriontsua da. Bideoetan esaten du ez dela bere asmoa berearen gisako “emakume prototipo bakarra” sustatzea, baizik eta norbera libre dela berea erabakitzeko... baina, bere ustez, gizartean “ezingo genuke guztiok rol bera eduki”.
Sukaldean egin eta errezetak sare sozialetako jarraitzaileei kontatzea gustatzen zaio, ez da dudarik. Gustuz egiten du, eta horregatik, konplexuagoa bihurtzen du eztabaida. Izan ere, gustuz eginda ere, bere senarra etengabe gustarazten ari da, plater goxoak prestatuta, eta mezu horrek, zoriontasunez atonduta, badu laban bat ezkutatuta. Normalizatzen ari baita senarra gustura sentiaraztera behartuta egote hori.
Antzerako polemika batean sartuta egon zen RoRo gisa ezaguna egin den emakume gazte espainiarra, TikToken birala egindakoa. Bere mutil lagunari eta mutilaren lagunei halako eta halako plater gustatzen zaizkiela-eta, orduak eta orduak eman ditu sukaldean. “Maitasuna janariarekin erakustea gustatzen zait”, esan izan du, antza poz-pozik kamera aurrean. Jakina, pozik egiten du, edo horixe dio. Horrek sortu zuen polemika.
Zeresana eman zuen hainbat egunez RoRok Espainian. Gaiari buruz, Esther López Barceló idazle, historialari eta politikari ohiari zera irakurri genion El Salto-n idatzitako artikulu batean: “Gertatzen dena da, bere hautu librean oinarritzen denez, inpresioa eman dezakeela besteontzat ere aukera zilegi eta atsegina dela, izan ere, influencer izateak baliozkotasun soziala ematen dio, eta publikoak erabaki dezake, normal-normal, RoRoren bidea jarraitzea. Azkenerako, mutil lagunaz kezkatzen den neska bat dela dirudi, ezta?”.
Ikusitakoa ikasi egiten omen dela-eta... Zer nolako erantzukizuna eskatu behar zaie influencer-ei?