argia.eus
INPRIMATU
Aranzadi: 75 urtez txoriei eraztunak jartzen
Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 0000ko ren 00a
Juan Arizaga

Hegaztien eraztunketa erreminta ezinbestekoa dugu espezieei buruzko datuak biltzeko. Txoria atzeman eta eraztun metaliko arin bat jartzen zaie, zeinetan zehazten zaizkion identifikazioaren lekua eta eguna, baita posta kodea ere. Nortasun agiri baten funtzioa betetzen du kode alfanumerikoak, eta hortik denbora-tarte batera eraztundutakoa berriz ikusiz gero hainbat datu argitzeko balio digu: adina, leku batean emandako denbora, bere mugimenduak eta migrazio-bideak, morfologikoki ukandako aldaketak… Pentsa zer nolako informazioa den hori migrazioa aztertzen dabilenarentzat. Funtsean, horretarako hasi zuen eraztunketa Aranzadi zientzia elkarteak orain duela 75 urte.

1949an osatu zuten bulegoa Donostian eta orduz geroztik jarraitu dute garatzen, baita Espainiako Estatura zabalduta ere eraztunketa tokien sarea. Dagoeneko 200.000 hegaztik daramate “Aranzadi” posta kodea eta kopurua urtaroz urtaro emendatuz doa 500 bat eraztun-jartzaileri esker. Egindako ekarpena azpimarratzeko eta eskertzeko xedez, 30 urtez eraztunak jartzen aritutakoak omenduko ditu elkarteak azaroko lehen asteburuan. Eraztunei esker aberastu dutelako jakintza zientifikoa. Aranzadik "mugarri esanguratsu batzuk" jarri izana azpimarratzen du bulegoko zuzendari Juan Arizagak : "Doñanan [Andaluziako naturagune babestua] eraztuna jarritako koartzatxo txikiek beren migrazio-ibilbideetan Atlantikoa zeharkatzen zutela jakin genuen Aranzadiren eraztunei esker. Izan ere, hegazti haien eraztunak Brasiletik iritsi ziren eta, hala, lehen aldiz, espezie horren Ozeano Atlantikoaz bestaldeko mugimendua dokumentatu zen".

Aitortza ofiziala duten Europako bulego guztiak biltzen ditu Euring erakundeak, eta nola ez, Euskal Herrikoa ere parte da. Europan dabiltzan hegaztien eraztunketa zientifikoko lanak koordinatzea eta bulegoen artean informazioa trukatzea dira Euringen helburu nagusiak. Ezinbestekotzat du lan zientifiko horren garapena Aranzadiko Maite Lasok, besteak beste, eta agian nagusiki, klima aldaketak ekarriko dituen aldakuntzak identifikatzeko eta ulertzeko.