argia.eus
INPRIMATU
Tlatelolcoko sarraskiaren aitortza
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2024ko urriaren 16a
Ikasleak Mexikoko Hiru Kulturen Plazan bilduta, 1968ko urriaren 2an. Argazkia: Andres
Ikasleak Mexikoko Hiru Kulturen Plazan bilduta, 1968ko urriaren 2an. Argazkia: Andres

Mexiko Hiria, 1968ko urriaren 2a. Hilabete batzuk lehenago, ekainaren 22an abiatutako ikasle mugimenduak mitin bat antolatu zuen Hiru Kulturen Plazan, hiriko Nonoalco-Tlatelolco unitatean. Mexikoko ejertzitoak eta Batallón Olimpia talde paramilitarrak bildutako ikasleei eraso egin zieten.

Mexikoko Gobernuak esan zuen erasoa justifikatuta zegoela, manifestariak izan zirelako tiroka hasi zirenak; 2000. urtean desklasifikatutako dokumentu batzuek agerian utzi zuten tiratzaile haiek gobernuak berak kontratatu zituela. Bestalde, agintariek zenbaki bakarra eman zuten gertatutakoaren balantzea egiterakoan: 1.345 manifestari atxilotu zituzten. Hildakoei eta zaurituei buruzko datu ofizialik ez zuten eman. Duela urte batzuk, Kate Doyle analista politiko estatubatuarrak Mexikoko Segurtasun Artxibo Nazionala arakatu zuen eta 44 hildako dokumentatzea lortu zuen. Testigantzen arabera, ordea, hildakoak 300dik gora izan ziren, eta zaurituak 1.000tik gora.

Duela bizpahiru aste, Tlatelolcoko sarraskiaren 56. urteurrenean, Claudia Sheinbaum presidente berriak, dekretua sinatu zuen Estatuaren izenean biktimei barkamena eskatzeko

Duela bizpahiru aste, Tlatelolcoko sarraskiaren 56. urteurrenean, Claudia Sheinbaum presidente berriak, dekretua sinatu zuen Estatuaren izenean biktimei barkamena eskatzeko. Sheinbaumek inbestiduraren ondoren hartutako lehen erabakia izan da, eta lehen aldia da, gainera, Mexikoko Gobernuak sarraskiari buruzko dekretu bat argitaratzen duela: “Mexikoko Estatuaren izenean eta berau ordezkatzen, politikoki aitortzen dugu 1968ko urriaren 2an ikasle mugimendu heroikoaren aurka gobernuak egindako

indarkeriazko ekintzak gizateriaren aurkako krimenak izan zirela”, dio testuak.
Sheinbaumek esan zuen bera ere "68ko alaba" dela, amak urte hartako protestaldietan parte hartu omen zuelako, eta sarraskiaren ondorioz sortu zen gizarte mugimenduak eragin handia izan omen duelako bere karrera politikoan.

Urriaren 2an nahiz hurrengo egunetan milaka atxiloketa egin zituztela esan du, eta horietako asko torturatu edota desagerrarazi zituztela. Eta, azkenean, testigantzek esandakora hurbiltzen den hildako kopuru ofizial bat ere eman du: 325, gutxienez.