Sandra Cisnerosek idatzitako The House on Mango Street mugaldeko liburuan pertsonaia baten txakurrak bi izen ditu: bat, espainolez; bat, ingelesez. Beharbada kontu harrigarria gerta liteke lehen begiratuan, baita liburu baterako ere, baina lasaiago pentsatuz gero ohartuko gara izen bikoitzez beteta dagoela mundua. Eta ez naiz ari Vitoria-Gasteizez edo Iruñea/Pamplonaz… Edo ez, hobeki esanda, gurean tradizio ezberdinak sortu dituzten bikoteez bakarrik.
Hor ditugu, konparazio baterako, behinolako Konstantinopla eta oraingo Istanbul, zibilizazio kristaua eta zibilizazio islamikoa. Edota Falklandak eta Malvinak, mundu angloa eta mundu hispanoa –Euskaltzaindiak, bidenabar, biak onartzen ditu maila berean: Falkland uharteak/Malvina uharteak–. Halaber, euskarazko Wikipedian ageri den Cook mendiak Aoraki du jatorrizko izena, eta hiztunaren nahiz solaskidearen arabera alda daiteke izendatzeko era; kasu horretan, Zeelanda Berrira joandako europar kolonizatzaileen ikuspegia eta bertako maorien ikuspegiak ditugu aurrez aurre.
Hala, eguzkiak argitzen duen denborari “egun” deritzogu. Eta ilun dagoen zatiari, berriz, “gau”. Lurrak nahiko denbora izan dezan bere ardatzaren inguruan bira osoa egiteko.