Peru iparraldeko kostaldean, Pañamarca aztarnategian, mochica kulturako (K.a. 330- K.o. 800) tronu areto bat aurkitu berri dute. Arkitektura ikusgarriagatik, iruditeria erlijioso zabalagatik eta xehetasunez betetako hormairudi koloretsuengatik ezaguna da kultura hori.
Aurkitutako aretoak ezaugarri horiek berresten ditu, baina ezohiko elementu bat erantsi du: alboko irudian ikus daitekeenez, tronu horretan emakume bat esertzen zen. Adituek ez dakite emakume apaiz bat zen, erregina ala jainkosa zen, baina komunitate horretan toki nabarmena zuela garbi adierazten dute irudiek.
Columbiako unibertsitateko Arte Historia katedradun Lisa Treverren esanetan, aurkikuntza hau "kultura mochicaren genero rolez uste genuena aldatzen ari da".