argia.eus
INPRIMATU
Zergatik den Chill Mafiarena azken aldiko agurrik beharrezkoenetako bat
Xalba Ramirez @xalbaram 2024ko urriaren 04a

Agur Eta Ohore X Allá Va La Despedida
Chill Mafia
2024

---------------------------------------------------

Chill Mafiak inauguratu zuen aroak lurperatu du Chill Mafia. Denak ez duela zertan betirako iraun, hori argi baino argiago dugu. Eta hobe dela orain, irauteagatik irautea baino. Begira Gatibu: 25 urte matraka ematen, eta azken esprintean erakusten digu bere benetako aurpegia. Tira, benetako aurpegia baino, bere betikoa, baina onartezin.

Alex Sarduiren taldeak agur esan zuen egun berean esan zuen agur Chill Mafiak. Eta gero, gerokoak. Baina irakaspen on bat da. Chill Mafiaren aurretik, ia ezinezkoa zirudien euskal kulturako ikonoak ukitzea (ikus Bizardunaken saltsa hura). Berreskuratu zuten lotsagabekeriari esker daukagu Alesardui kanta, eta oxala kantzelazio fase berri baten hasiera.

Baina itzul gaitezen. Gauza bat da proiektu bati agur esatea, eta bestea aro bati agur esatea. Chill Mafiak eredu berri bat jarri zuen mahai gainean. Euskal eszena goitik behera eraldatu zuen, eredu berriak ekarri eta baimenduta. Belaunaldi berri bat dago, ahots propioz garaia irakurtzen. Pospandemiak ekarri zuen eztandaren bolbora izan ziren iruindarrak. Eta eszenatoki ezberdinean gaude orain, hiru urte eskas igarota.

Baina ez da nahikoa duendea edukitzea. Proiektu bat behar da aurrera egiteko. Talde batzuen proiektua estilo bati jarraitzea da, beste batzuena marketin estrategia, eta beste batzuk proiektu politiko-estetiko batetik gertuago daude. A, baina azken honetan ez bada edukirik, orduan taldeak norabidea galtzen du.

Asko jakin gabe, ausartzen naiz esatera Chill Mafiak lortu zuen arrakasta itzelak jarri zituela elkarrizketan Espainiako olatu berriarekin, eta bi ildo bereizi zirela. Neo-bakalismoa, neo-punka eta  hyperpoparen ildoak; eta, bestetik, euskal-zera berriarena: sample zaharrak eta jota berriak, alegia. Taldekideak bi ildo horien arteko talkan ikusten ditut, eta esango nuke talka horrek baliogabetu duela Chill Mafia.

Albert Pla etorri zait gogora. Maradona futbolari eta erasotzailea hil zenean, hedabideak hura zuritzeko ahaleginetan ibili ziren, drogadikzioa alde batera utzi behar zela, eta futbolean zentratu. Eta Plak, ezetz: “Niri Maradonaren futbol fazeta ez zait inporta. Niri axola zaidana da, hain zuzen, bere alderdi drogadiktoa”. Chill Mafiarekin ez al da antzeko? (Ez naiz drogaz ari eeee). Bost axola Chill Mafiak zenbat areto betetzen dituen, zenbat kantu, zenbat kolabo. Niri interesatzen zitzaidana zen haien piromania gaitasuna. Hori gabe zer?

Disko triste batekin esaten dute agur. Baina argi dago, berreskuratu dute Euskal Herrian gauzak bestela egin daitezkeela sinestea. Eta argi dago balio zuela, eta gazte hauek balioko dutela beste saltsetan ere: Eskerrik asko berpizkundea!