Ikasi berri dugu Earl Tupper jaunak Floridako Orlandon, 1947an, sortu zuen mila koloretako ontzi enpresa peko errekara doala, desagertzeko zorian dela, preseski. Badirudi plastikoak konkurrente larriak dituela, adibidez, linean egiten diren salerosketena edo erabilpen bakarreko plastiko zaleena. Duela zenbait egun Tupperware akzioaren kuota zintzilik gelditu zen Wall Streeten, ez dena batere seinale ona!
Tupperware aipatzean, gogora etortzen zaizkigu, munduan zehar, etxe askotako egon-gela munttoetan antolatzen ziren bilkurak, hurbiltasuna hobetsiz, salmenta piramidala praktikan emanez: bizkotxak, kafetxoa, tea batzuetan, unibertso femenino gozo eta arrosa baten intimitatean. Ondorioz, guztiz gehienek, tuperrak bagenituen sukaldeetan, gure bizitza mugikorraren lagungarri, han hor edo lanean geundela, xokoño batean bazkaltzeko.
Kontsumo-garai erran baten hondarra jotzen du Tupperwareren biharko likidazioak. Batzuek, plastikoa idoki dute jadanik beren eguneroko bizitzatik, besteek, laster egingo dute, eta azkenek, plastikozko film gardenez estali janaria mikro-uhindun labean sartuko dute...
Gosturik hoberenean.