argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Ez naiz gai
Uxue Apaolaza Larrea 2024ko urriaren 02a

Badira gaiak momentuan begiratu ezin ditudanak. Ez dakit gertatzen zaizuen. Eta ezin ditut begiratu iragan izan gabe, susmoa dudalako ezin altxatzeraino itoko nautela, eta gertaeraz gain, gertaerari buruzko letrek ere lehendik ahula zen norbait zapaltzen dutela. Eta uste dut ez dela lehen aldia zerrenda hau egiten dudana. Gogoan dut Alviako trena gidatzen zuen gizona: 80 pertsona hil ziren tren istripuan, gidaria komunikabideek. Gogoratzen naiz Madrilgo ospitaleko erizain batez, ez zegokion lekuan lanean, ez zegozkion ardurak gainean. Ospitaleko gaixo bat hil zuen agintarien utzikeriak, erizain bat komunikabideek. Gogoan dut 2016 hartan bost gizonek neska bat bortxatu zutela San Ferminetan, eta zenbat aldiz komunikabideek. Gogoan dut Miren Larrion. Ezin izan nien berriei momentuan segi, egitea bera zitzaidalako agresiboa, bat-batean denok elkarrekin ari bagina bezala jipoi batean parte hartzen, gertatutakoa larria izanik ere, zerbait larriagoa ontzen ari bagina bezala. Udan Espainiar estatuan kezka sortu zen, baita hemen ere, zer egin, nola banatu hain gaizki banatuta zeuden zerak, haurrak. Batzuek pila bat artatu behar omen zituzten: milara ez ziren iristen gurean. Komunikabideen kargaren eta gizaki zuriaren zikoizkeriaren azpian, haurrak. Ezin begiratu Palestinakoei ere, inoiz jolasean ikusten ez ditugunei, eta gorroto ditut sare sozialetan sorpresaz harrapa nazaten haien irudi zaurituak jartzen dituztenak. Gaur lau haur hil dituzte; ez, hogeita hamar; ez, ehun eta berrogeita bost; ez, inoiz baino gehiago joan zen udazkenetik; ez da haurrik geratzen Palestinan. Eta segiko genuke aurrera. Uda honetan gizon zuri oso ezkertiarren bat ikusi dut sare sozialetan zerbait arrazista idazteagatik faxista deituko dioten beldurrez, eta nire herrian “etorkinak kanpora” irakurri dut bi laubururen artean. Eta ez naiz gai horretaz idazteko, oraindik.