Itzulerak
Miren Agur Meabe
Elkar, 2023
--------------------------------------------
Iaz kaleratu zuen Miren Agur Meabek Itzulerak eleberria. Pertsonaia nagusiak gazteak direnez, gazte literatura dela esan genezake, baina literatura ona denean, gazte zein helduentzat da, eta liburu honekin hala gertatzen da.
Hasieran Estefanari jarraituko diogu eta XVI. mendetik XXI. mendera eramango gaitu, baina gero Katalinekin kontrako norabidean joango gara. Gontzal, bigarrenaren nebak, bi aldiak harilkatzen saiatuko da, familiaren genealogia egiten eta trukaketa hori ikertzen.
Horrela ezagutuko dugu Euskal Herriko orduko bizimodua, lehengo eta oraingo baldintza materialak, hierarkia sozialak, sinesmen eta ohiturak kontrastatzen eta Martija Jauregi lekeitiar jatorriko sendagile nafarra ezagutzen.
Gorputzaren eta arimaren minak osatzen saiatuko dira Martija eta Katalin, sendabelarren laguntzaz, besteak beste, eta jauntxo feudalen eta inkisizioaren jazarpena jasango dute horregatik.
Euskal mitologia, baladak, kantuak eta atsotitzak aurkituko ditugu, baita lurrarekiko eta naturarekiko gertutasuna ere. Suarekin hasiko da nobela, eta sugarrek itsasoko uretara bultzako dute Estefana. Baina liburua haizeak zeharkatu eta dena mugimenduan ipiniko du, bizitza eta heriotzaren artean denboraren inguruan dantzan.
Euskal literaturan gutxi landu den literatur generoa jorratzen da: denboran zeharreko bidaiena, fantasia eta zientzia fikzioaren barruan, eta eskertzekoa da. Gainera, euskal kulturaren ondareaz jabetzeko aukera ematen zaigu sustrairik gabeko gure garaian. Historian murgilduko gara, familia eta etxea erdigunean direla.
Ezagutza eta jakituria zientziak, arrazoiak eta pentsamenduak soilik ematen ez dutela defendatzen dute lan honetako pertsonaiek; senak, zentzumenek, ametsek eta naturak behinola zuten indarra eta eragina ekarri eta berritzen ditu, hitzaren indarrarekin batera.
Meaberen lanetan hitz jokoak, narrazio poetikoa eta unibertso sentsoriala izan ohi ditugu. Usaindu eta sentitu daitekeen lur hezea, ilea harrotzen digun kresala, emakume indartsu eta sentiberak, gure kultura biziaren keinuak.
Itzulerak izena du lanak, begiak atzera itzuli behar direlako bizitzan aurrera jarraitu ahal izateko. Bizitzaren bidaian fikzioaren bidez iraganera eta etorkizunera joan-etorriko txartela izatea ederra delako.