Irailaren 17ko astean, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk erabaki zuen Hezbollah-rekin Libanon zuen misil trukea beste maila batera eskalatzea, eta erabateko gerra hastea.
Hainbat arrazoi izan zituen Netanyahuk eskalada horretarako. Lehenik, Israel iparraldeko 60.000 kolonok beren etxeak utzi dituzte, eta gobernuak haien segurtasuna bermatu ezean ez dira itzuliko. Bigarrenik, Netanyahuren gobernuko erradikalek Hezbollah desagerrarazi nahi dute eta mehatxu egiten diote, esanez Israelgo Gobernua deuseztatuko dutela, Hezbollah akabatzen ez bada (errealistek badakite hori ezinezkoa dela). Hirugarrenik, esperantza egon daiteke Hezbollahk presiopean amore emango duela eta Gaza kanpo utziko duen su-etena onartuko duela. Azkenik, aukera dago Israelek AEBak borrokara eramateko, eta borroka hori Iranen aurkako gerran amaitzeko. Netanyahuk hamarkadak daramatza hori lortu nahian.
Irailaren 17an, Israelek eraso terrorista egin zuen Hezbollahko kideen aurka. Kide horiek pertsona-bilagailuak erabiltzen zituzten, alarmak eta aginduak jasotzeko, eta Hezbollahko administrazio zibileko adarreko kideak ziren, ez borrokalari armatuen adarrekoak.
Horren ostean Hezbollahko goi agintari bati egindako erasoa larriagoa izan zen. Hezbollahko indar berezietako ofizialekin bilduta zegoela egin zioten eraso. Halere, eraso horrek ere ez du kaltetuko Hezbollahren operazioa. Bermatuta daukate Hezbollahko aginte-katea, ia egoera guztietan. Izan ere, ofizial goren bakoitzak izendatuta dauka ordezkoa, berehala ardura hartzeko prest.
Israelen bi eraso horiek Hezbollahren erantzuna eskatzen zuten. Ordura arte “pazientzia estrategikoari” eutsi zion Hezbollahk, baina muturreraino iritsi zen.
Israelen erasoei emandako erantzuna orain hasi den gerra handiago baten parte da.
Misilen bidez erantzun zuten, Libano eta Israel arteko mugatik haragoko ekintza-eremu jakin baten barruan. Misil horietako batzuk Haifa hirira iritsi ziren, mugatik 40 kilometro hegoaldera dagoen portu eta industria-gunera.
2023ko urriaren 8tik, Israelen eta Hezbollahren arteko gatazka desorekatua izan da. Israelek Libanoren aurka zortzi aldiz gehiagotan egin du eraso, Hezbollah-k Israelen aurka baino. Orain, Israelek erasoak zuritu ditu publikoki, argudiatuta “eskaladaren bidez deseskalatzeko” politika dela, eta, dioenez, horrek ekarriko du Hezbollahrekin bere aldetik bakea lortzea.
Baina Netanyahuren kabineteko kide erradikalek sionisten benetako helburuak publikoki kontatzen dituzte. Esaterako, Yoav Kisch ministroak adierazpen hauek egin zituen: “Ez dago inolako alderik Hezbollahren eta Libanoren artean. Une honetan gauzak dauden bezala, Libano deuseztatua izango da. Oso irmoki diot. Libano ez da haiek ezagutzen dutena izango. Ez naiz Hezbollahren misilak atzemateaz arduratuko. Libanoko lurraldetik egindako erasoen prezioa Libanoko Estatuak ordainduko du”. Kazetariak “deuseztatu” terminoaren erabileraz galdetu zionean, “zehatzagoa” izango zela erantzun zion: “Zuzenduko dut. Ez da deuseztatuko; Libano ez da existituko ezagutzen dugun bezala. Prezio altua ordainduko du Hezbollahren erruz”.
Lur suntsituaren politika darabilte. Suposatzen da azkenean Libano hegoaldea okupatuko dutela eta israeldarren kokalekuak han berrezarriko dituztela.
Gainera, Daniel Hagari Israelgo Defentsa Indarren (IDF) bozeramaileak bideo batean azaldu du Hezbollah misilak jaurtitzen ari dela “zibilen etxeetatik”, eta kontatu du hori desegiteko zein asmo dituen IDFk. Bideoan dioenaz ohartarazi du Libanon espezializatutako Sam Heller ikerlari eta analistak: “Israelgo ofizialek diote Libanoko hegoaldeko ia eraikin guztiek hainbat misil ezkutatzen dituztela. Azpiegitura zibilak masiboki suntsitzeko aitzakiak aurreratzen ari dira, Hezbollah eta herri xehearen arteko zatiketa sustatzeko saiakerak dira”.
Irailaren 22tik, Israelek aire-eraso kontaezinak egin ditu Hezbollahren balizko posizioen aurka, Libano hegoaldeko eremu zibil gehienetan. Egun bakarrean Libanon 400 pertsona inguru hil eta ia 2.000 zauritu zituzten [irailaren 23an argitaratu zen artikulua]. Libano hegoaldean bizi diren ehunka mila lagunek iparralderantz ihes egin dute edo ihes egiten ari dira.
Hezbollahk instalazio militarrei eta produkzio militarrerako industria-instalazioei eraso eginez erantzun zuen. Espero da laster arma sofistikatuagoak erabiliko dituela helburuak erasotzeko Tel Aviven, mugatik 120 kilometrora, eta harago.
Libanoko kalteen eta biktimen irudi asko egongo dira, baina Hezbollahk Israelen aurka egindako erasoei buruz informazio gutxi emango dute.
Israelgo Gobernuak (berriz ere) zuzentarau orokor bat eman die komunikabide guztiei, esanez ez ateratzeko argazkirik ez informaziorik, egon daitezkeen kalteei buruz. Erredakzio guztietan dauden zentsuratzaile militarrek ziurtatuko dute agindu horiek betetzen direla.
Iparraldeko gerrak horrela jarraituko du egun, aste eta hilabeteetan.
Higadura moralaren gerra da. Zein populazio izango da borrokaren amaiera eskatzen lehena?
Noiz arte egongo dira Tel Aviveko herritar mimatuak gau eta egun bunkerretan eserita, aldaketarik eskatu gabe?
Xiiten erlijioak sufrimendua eta martiri gisa hiltzeko borondatea babesten ditu. Libanoko xiitak izango dira amaiera eskatzen lehenak?
Nire aldetik, ez dut inoiz apustu egingo xiiten erlijiotasunaren aurka, ezta Hezbollahk borroka bati eusteko duen gaitasunaren aurka ere.
Iparraldeko gerrak nazioarteko albisteak betetzen dituen bitartean, Gazako gerra genozida sionistak aurrera jarraitzen du.
Israelek Gazako iparraldea –lau hiri handi dituena– birrintzeko planak ditu, bertan bizi diren 1,3 milioi pertsonari gosea eraginez eta garbiketa etnikoaren bidez.
Netanyahuk plan horiek ofizialki mahai gainean ipini ditu eta espero da jarraitu egingo dituela.
Gaza gatazkaren erdigunean dago. Israelek Gazan su-etena onartzen badu, iparraldeko gerra ere berehala amaituko da. Netanyahu da irtenbide baketsu baterako bidea blokeatzen ari dena, eta Bidenen administrazioa ere bai, hura babesten ari baita.
* Moon of Alabama geopolitikan espezializatutako bloga da eta egileak 'b' ezizenez sinatzen ditu artikuluak. Hemen artikulu originala.