Aldarri eta kanpaina, lege, arau, plan eta aurrekontu, babes-mekanismo eta zigor-makinaria oro gorabehera, etenik gabe jarraitzen dute kasu gogorrek eta jokabide zitalek betetzen albistegiak, tantaka zein zaparradan, eta gizon-desmasiak salatzeko protesta-ekintzek, manifestazioek, eta adierazpenek (eta aldian-aldian kontrakarrean agertzen diren ahopeko bestelako mintzo horiek, iradokitzen emakumeok ere bortitz jokatzen dugula gizonen kontra…).
Urko Olazabal aktoreak esan berri du: Nevenka filma gizonei zuzendua da batez ere, gizonek ondorioak ateratzeko beren portaerari buruz.
Eta eskertzekoak dira asmoa eta borondatea, baina etsigarria da ikustea egoera (gizonek emakumeekin abusu eta gehiegikerietan aritzeko joera) ez dela apenas aldatzen. Bat egin dute hedabideetan orain dela 24 urteko gertaera lotsagarriak eta Pélicot kasu are lotsagarriagoaren epaiketak. Ematen du denborak ez duela kontatzen, beti gaudela betiko tokian eta betiko eran, non gizonek (gutxi edo asko) uste baitute nahi dutena egiten ahal dietela mendean-edo hartzen dituzten emakumeei (emakume guztiei?).
Ematen du sexuaz ari garela, baina sexua azaleko geruza da, estalki deigarri eta morbosoa. Azpian, sakon-sakonean, sustraiak daude, disimuluan pasatzen direnak
Nevenkarena bezalako kasuek segitzen dute gertatzen. Eta bitxia dirudi Pélicot jauna izatea bere jokabidean “aitzindaria” (hura lehena, eta haren imitatzailea bigarren…). Harrigarria, zinez, gizon hori lehena izatea asmatzen halako plan sofistikatua, hain luze iraun duena, aurrekaririk gabe (aurretik beste gizon batzuk antzekorik egiten aritu gabe).
Eta ematen du sexuaz ari garela, baina sexua azaleko geruza da, estalki deigarri eta morbosoa. Azpian, sakon-sakonean, sustraiak daude, disimuluan pasatzen direnak, inoiz gutxi agerian erakutsiak (eta sexuaz besteko esparruetan ere eragina dutenak).
Batzuetan, norbaitek alfonbra punta batetik altxatu, eta hor dira sasi-bistan sakoneko arazoaren zantzu batzuk. Esaterako, idazle bat (bi, hiru, lau, gehienak emakumeak…) hasten da kontatzen ikerketa burutsuetan jaso gabeak: gizonen izu eta bertigo egoskorrak mendetako boterea askatzeko; emakumeon ulerberatasun infinitua gizonen botere- eta kontrol-nahiarekiko; eta guztion berreziketa erraldoi eta orokorraren beharra elkarren begirunean libre bizitzeko.
Euskal idazle batzuk (bi, hiru, lau, guztiak emakumeak…), ari dira orrialdeak betetzen eta zantzuak ematen, eta irakurle anitz ari dira orrialde horiek irakurtzen, hori poza! Baina, ai pena, estatistikek diotenez, emakumeei, gehien bat, emakumeek irakurtzen diete…